«Pentsioak ez dira egun erretiroa hartuta daudenen borroka soilik. Langileok erretiroa hartzean bizitza duin baterako eskubidea bermatua izan dezagun borrokatu behar gara». ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, premisa horri jarraituz, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak larunbaterako antolatu dituen manifestazioetan parte hartzera deitu dute. Sindikatuek bere egiten dituzte pentsiodunek azken hiru urteetan zabaldu dituzten eskaerak, eta gogorarazi dute «pentsio sistema publiko eta duinaren aldeko borrokak ez duela etenik». Era berean, erabakiak Euskal Herrian hartu ahal izateak izango lukeen garrantzia nabarmendu dute: «Burujabetza behar dugu, baita pentsio sistemari buruz erabakitzeko ere».
Bilbon eman dute jendaurrean atxikimendua sindikatuek, Espainiako Gobernuaren lurralde ordezkaritzaren aurrean. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak pentsiodunen mugimenduak eginiko lana goratu du, eta kritikatu Espainiako Gobernua pentsio pribatuen aldeko apustu garbia egiten ari dela. Era berean, salatu du emakumezko pentsiodun askok «miseriazko» ordainsariak jasotzen dituztela haien zaintza lana ez delako aintzat hartu, eta, horregatik, besteak beste, «premiazkoa» dela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea. Azkenik, iragarri du mobilizazio eta greba gehiago etorriko direla langileen eta pentsiodunen eskubideen alde.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, berriz, 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetu beharra nabarmendu du; izan ere, haren esanetan, Espainiako Gobernua «aurkakoa» planteatzen ari da gaur egun: «Seinaleek diote pentsioak are gehiago murriztu nahi dituztela, eta erretiroaren muga atzeratu nahi dutela. Batez ere erretiro aurreratuekin ari dira, eta helburua argia da: erretiro aurreratuak murriztuz hurrengo pentsioak txikiagoak izatea».
Pentsiodunek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu dute manifestazioetara larunbat arratsalderako (17:00). Eskaera nagusiak hauek dira: 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behar uztea; 2021erako iragarri diren murrizketei eta pentsio sistema pribatizatzeko asmoei aurre egitea; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila, eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa; soldatetan eta pentsioetan dagoen sexu arrakala amaitzea; alargunen pentsioa ezkontidearen ordainsariaren %100 izatea; eta erretiro aurreratua kotizatutako 40 urterekin hartu ahala izatea inolako zigorrik gabe.
Bizikleta martxa Gipuzkoan
Pentsiodunen mugimenduak hainbat kolektiboren babesa jasoko du astean honetan, eta, besteak beste, agerraldiak antolatu dituzte gazteen erakundeekin eta Babestu zahar etxeetako egoiliarren familietako elkartearekin. Era berean, bizikleta martxa bat antolatu dute Gipuzkoan barrena, manifestazioaren eta beren eskaeren berri emateko. Atzo Errenteriatik Tolosarako bidea egin zuten, eta gaur Zumarraga-Urretxun bukatuko dute. Bihar Bergaran amaituko dute; etzi, Deban; ostiralean, Usurbilen, eta larunbatean, Donostian, arratsaldez, manifestazioarekin bat egiteko.
Pentsioen «borroka» langile guztien ardura dela oroitarazi dute sindikatuek
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko sindikatuek dei egin dute larunbat honetako pentsiodunen manifestazioetan parte hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu