Europatik kanpoko enpresen esku hartzea mugatuko du Bruselak

Laguntza publikoak jasotzen dituzten konpainiek eginiko inbertsioak debekatu ahal izango ditu, lehia desitxuratzen dutela uste badu

Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioa, atzo Bruselan eginiko agerraldian. YVES HERMAN / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Europako enpresak eta merkatua babesteko urratsa egin du Bruselak, eta azken urteetan esku artean zeukan asmo bat mamitu du. Aukera gehiago izango du Europan jarduten duten kanpoko enpresak kontrolatzeko, horien atzean estatuak daudenean. Batzordeak uste du konpainia horiek, jasotzen dituzten laguntza publikoak direla-eta, Europako barne merkatua distortsionatu eta lehia desitxuratu dezaketela, kontinentekoen kaltetan. Egitasmoa atzo aurkeztu zuen Margrethe Vestager-ek, Batzordeko presidenteorde eta Lehia komisarioak. «Oso garrantzitsua da baldintza berdintasuna bermatzea garai zail hauetan, Europako ekonomiaren susperraldia babesteko», azpimarratu zuen.

Batzordeak bere egitasmoan ez du esplizituki aipatzen Txina, baina agerikoa da neurri horren bitartez Bruselak mugatu egin nahi dituela herrialde horretako enpresek azken urteetan Europan egindako erosketak eta bestelako mugimenduak. Adibidez, Txinako kapital publikoarekin hainbat negozio erosi dituzte, logistikaren arlokoak bereziki; besteak beste, Grezia, Espainia eta Italiako portu batzuetako azpiegiturak.

Gainera, pandemia dela eta, Bruselak bere burua behartuta ikusi du bere estrategia industriala berrikustera; besteak beste, osasun krisiak agerian utzi duelako Asiarekiko mendekotasun handia duela funtsezko produktu batzuetan; azken adibidea autogintzaren sektorekoa da, txip elektronikoen faltagatik produkzioa mantsotu edo eten behar izan baitute Europako lantegi batzuek.

Brusela eta Pekinen artean tentsioa handitu den garai batean iritsi da, beraz, Vestagerren iragarpena. Gainera, 2020ko azken-aurreko egunean iragarritako merkataritza akordioa berresteko daukate oraindik. Testuinguru horretan, fitxa mugimendu gisa uler daiteke Bruselaren egitasmoa, baina testuan Batzordeak azaldu du haratago doala, laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresen auzian irtenbide multilateral bat lortu nahi duela. 2020ko urtarrilean, AEBekin eta Japoniarekin adostu zuen arau horiek indartzea Munduko Merkataritza Erakundearen esparruan, baina «zentzuzko denbora batean irtenbide multilateral bat aurkitzea zaila denez», Bruselak bere kabuz jokatzea erabaki du.

Kontrola eta isunak

Araudia indarrean jartzen denean, Batzordeak enpresen erosketa edo bat egite guztiak jakinaraztera behartuko du, Europatik kanpoko enpresa bat dagoenean inplikatuta eta horrek azken hiru urteetan 50 milioi euro edo gehiagoko laguntza publikoak jaso baditu. Horrez gain, Europan eskuratuko duen enpresaren fakturazioa gutxienez 500 milioi eurokoa izan beharko du. Batzordeari jakinarazi beharko zaio, halaber, kontratazio publikoko prozeduretan, laguntza publikoak jaso dituzten Europatik kanpoko enpresak daudenean tartean eta lehiaketa publikoak 250 milioi euroko edo gehiagoko balioa duenean.

Bi kasu horietan, batzordeak gaitasuna izango luke ofizioz ikerketa bat hasteko eta kautelazko neurriak hartzeko, baldin eta diru laguntza bat merkatua desitxuratzen ari den zantzuak baditu eta uste badu merkatuan kalte egiteko arrisku larria dagoela. Halaber, fakturazioaren %10erainoko isunak ezartzeko aukera izango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.