Hidrogenoa kontsumitu behar den tokian sortu, hura konposatu jakin batetik bereiziz, hala nola amoniakotik, biometanoletik, bioetanoletik edo gas naturaletik. Horretarako balioko dute H2site start-up-ak ekoitziko dituen mintz-erreaktoreek, hidrogenoaren zailtasun handienetakoak gainditzeko: garraioa eta biltegiratzea.
Hidrogenotik sortutako amoniakoa, zaborretatik sortutako biogasa eta halakoak askoz ere errazagoak dira garraiatzeko eta biltegiratzeko hidrogenoa bera baino, eta H2sitek badaki haietatik gero nola sortu hidrogenoa, hura beharrezkoa den tokian bertan. Izan ere, duela urtebete start-up-a sortu zuten Tecnaliak, Engiek eta Eindhovengo Unibertsitateak (Herbehereak) urteak daramatzate gasak bereizteko mintzak garatzen, eta orain erabat esklusiboak diren teknologiak dituzte.
Urte honen bukaeran, mintz horiek ekoizteko lantegia zabalduko du H2sitek Loiun (Bizkaia). Eta bitartean, lehen mintz erreaktorea probatzen hasiko dira Markina Xemeinen (Bizkaia), Azaro Fundazioaren instalazioetan. Biogasetik %97tik gorako purutasuneko hidrogenoa ekoizten duen lehen erreaktore hori ezagutzen izan ziren atzo Bizkaiko Aldundiko hainbat kargudun, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatua buru zutela.
H2sitek ez ditu erreaktore horiek salduko, enpresaren zuzendari nagusiak, Andres Galnaresek, azaldu duenez. Asmoa «teknologiari eustea delako». Erreaktoreen jabea H2site izango da, eta negozioa bezero industrialei hidrogenoa sortzeko zerbitzua ematea izango du.
Hidrogenoa sortzeko mintz erreaktorea proban dute Markina-Xemeinen
Tecnalia, Engie eta Eindhovengo Unibertsitatearen H2site 'start-up'-ak urte bukaeran mintzak fabrikatzeko lantegia zabalduko du Loiun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu