Murrizketak ikusi ditu ELAk pentsio sistema aldatzeko proposamenetan

Mitxel Lakuntza «kezkatuta» agertu da edukiengatik, eta Espainiako elkarrizketa sozialerako mahaiak egin dezakeen galbahearengatik

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Albiste onik ez dago, eta ahalegin handia egin behar da zerbait positiboa aurkitzeko. Kezkatuta gaude argi ikusten dugulako bide horretatik murrizketak datozkigula». Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkariak horrela laburbildu ditu pentsio sistema eguneratzeko Espainiako Kongresuko batzordeak diseinaturiko proposamenak. Toledoko Itunekoen agiria urriaren 27an onartu zen, eta hogei proposamen biltzen ditu. Neurriek Espainiako elkarrizketa sozialeko mahaiaren oniritzia behar dute lehenbizi, eta gero eztabaidatuko dituzte Kongresuan.

Agiria irakurri ondoren bi kezka multzo dituela onartu du Lakuntzak, «edukiaren ingurukoak batetik, eta egingo duen ibilbidearen ingurukoak bestetik». Edukiei dagokienez, nabarmendu du pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko aukera «itxi eta zehaztu gabe» dagoela. Horrez gain, iragarri du agiriak hiru «albiste txar» dakartzala: murrizketak pentsio berrietan, aurreraturiko erretiroak hartzeko aukera mugatzea, eta alarguntza pentsioak murriztea.

Ibilbideaz hitz egitean, Espainiako elkarrizketa sozialaren mahaiaz mintzo da. Mahai hori CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE Espainiako patronalak osatzen dute. «Aurrekariak kezkatzekoak dira, han beti izan direlako murrizketak. 2011n, besteak beste, erretiro adina 67 urtera igo zuten. CCOOk eta UGTk garrantzi handiagoa ematen diote argazkiari edukiari baino». Murrizketen iragarpenekin jarraituz, Lakuntzak gogoratu du Europako funtsak lortzeko baldintzen artean daudela. «Proposamen hauek onartuz gero, Espainiako Gobernua gertuago egongo da Bruselak bidaltzen zituen beltzezko gizonengandik, pentsiodunen elkarteengandik baino».

ELAren analisia ez du Lakuntzak bakarrik egin, harekin agertu dira Mikel Noval eta Janire Landaluze sindikatuaren ikerketa batzordeko kideak. Landaluzek nabarmendu du proposamenak ez diola ezer 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak bertan behera uzteari buruz: «Ez zaio gaiari heltzen, interesik ez dagoelako edo adostasunik ez dutelako». Azkenik, eta Novalen iritziko, proposamenak egin beharrekoaren «aurkako norabidean» doaz, eta argi du konponbideetako bat erabaki markoa aldatzean datzala: «Euskal Herrian erabaki behar dugu zein pentsio sistema nahi dugun. Madrildik datorrena kudeatzearekin ez da aski».

LABekin «harrituta»

Lakuntzak, bestalde, bere «harridura» onartu du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak Gipuzkoako metalgintzako batasun sindikala haustea egotzi diolako. Kazetarien galderei erantzunez, LABen jarrera kontraesanezkoa dela esan du: «Hori egozten digu, eta gero akordioaren balorazio positiboa egin du. Non dago itun hoberik?». Lakuntzak, halaber, uste du horrelako eztabaidak plaza publikotik atera behar direla, «bidean topo egitera kondenatuak gaudelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.