Bilboko zamaketariek eta portuko enpresek oraindik ez dute akordiorik sinatu

Sindikatuek lan egutegi eredua adostu behar dute langile finko berrien gaiari ekin ahal izateko. Irailaren 1ean egingo dute laugarren bilera

Bilboko portuko biltegia, edukiontziz betea. Haien tartean garabi txiki eta handiak ikus daitezke. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Bilboko portuko zamaketarien lan hitzarmen berriaren negoziazioa sindikatuek nahiko luketenbaino gehiago luzatzen ari da. Atzo egin zuten hirugarren bilera BiboEstibarekin, eta, lan egutegiaren inguruko akordiorik ezean, ezin izan zuten beste punturik ukitu. Dena den, sindikatuen ustez, ez da arazorik egongo egutegi eredua adosteko, eta hurrengo bileran gairik gatazkatsuena ukitu ahal izango dute: langile finko berrien kontratazioa. Bilera hori irailaren 1ean izango da.

BilboEstiba elkartea osatzen duten lau zamaketa enpresak—Toro y Betolaza, Berge SLP eta Cosco txinatarra— eta Coordinadora, UGT, ELA, LAB eta KAIA sindikatuetako ordezkariak hirugarren aldiz bildu ziren atzo. Abuztuaren 6ko greba bertan behera utzi osteko lehen astean bi bilera egin zituzten, eta atzokoa hirugarrena izan zen. Lan egutegiaren antolaketaren gaia eztabaidatu zuten. Aurretik, eskaintza bat aztertua zuten, eta Coordinadora sindikatuak beste bat jarri zuen mahai gainean atzo. UGTk, baina, eskaintza hori legezkoa den auzitan jarri zuen. Hala den argitu behar da, eta langileek bietako bat hobetsi beharko dute.

Egutegia puntu garrantzitsua da, haren banaketaren arabera zehaztu ahal izango baitute zenbat langile finko berri behar diren. Zamaketariek orain arte ez dute inoiz egutegirik izan, eta egun batetik bestera jakiten zuten zein izango zen lana eta zenbat jende beharko zen. «Egun batean, agian, ez dago ontzirik, eta hurrengoan, hamar sartzen dira», azaldu dute sindikatuen iturriek. Orain arte hamalau egunez egiten zuten lan eta gero hiruko atsedena hartzen zuten. Hitzarmen berriarekin, baina, eta, jardunaren liberalizazioa dela eta, txanden banaketa zehaztu behar dute. Enpresek irailerako nahi dute egutegia.

Egutegia adostea langile bilera bateko kontua dela uste zamaketarien ordezkariek, eta irailaren 1ean hurrengo fasean sartzea espero dute: «zenbat langile kontratatu, nola, eta zein lan eman berriei». Enpresak kontratazioak egiteko prest daude —hamabi urte dira ez dela langile finko berririk sartzen—, baina ez dute zehaztu zenbat. Aldiz, epe muga jarri diote negoziazioari: irailaren 29a. Egun horretan dute batzar orokorra, eta, langileekin akordiorik egon ezean, CPE-a delakoa desegitearekin egin dute mehatxu. CPE zamaketarien jarduna antolatzen duen zentroa da. BilboEstibak kudeatzen du.

Azken pausoa sindikatuen arteko bozketa izango da, eta negoziazio mahaiko ordezkarien banaketa ez da langile batzordeko bera. Negoziazio mahaian Coordinadorak bozen %50 du, UGTk %25, ELAk %16,5 eta LABek %8,5. Kaiak kide bat dubatzordean, baina sindikatu sektoriala denez, eta bozen %10era iristen ez denez, ez du bozik negoziazio mahaian. Alegia, Coordinadora eta beste sindikatu baten babesa beharko dute hitzarmena onartzeko. Hala izan ezean, eragin mugatuko hitzarmena baino ezingo litzateke onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.