Koronabirusa. Eragina ekonomian

Lehengo lepotik burua

Europako Batasuneko buruzagiek bi asteko epea eman diote beren buruari krisiari aurre egiteko tresna bateratu bat adosteko

Europar Kontseiluaren bidekonferentzia, Eliseon jarritako pantailan. IAN LANGSDON / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Krisi batetik bestera doa Europako Batasuna, baina aurrekoan ikasitako lezioak ikasteko zailtasunak ditu. Iparralde moralistaren eta hegoalde eskalearen arteko arrakala agerian utzi zuen zorraren krisiak, eta zanga hori oraindik oso zabala dela erakusten ari da koronabirusaren krisia. Azken adibidea atzo bertan ikusi zen: Europar Kontseilua bideokonferentzia bidez bildu zen krisiaren kostuei aurre egiteko erantzun bateratu bat lantzeko, baina, aurrez aurre hitz egiteko aukera zutenean bezala, erabaki irmo eta bizkor bat hartzeko gaitasunik gabe.

Pantailak 16:00ean piztu zituzten EBko agintariek, baina ez zituzten itzali 22:00etarako minutu gutxi falta ziren arte. Ohikoa duten erabaki batekin amaitu zuten bilera: denbora gehiago eskatzen gauzak adosteko. Zehazki, bi asteko epea eman diete Europako Batzordeari eta Europar Kontseiluari, «beste erakundeekin kontsulta egin ondoren», krisiari aurre egiteko gastuei tresna bateratu bat prestatzeko. Antonio Conte Italiako lehen ministroak, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren babesarekin, uko egin zion bilera osteko testu epelago bat sinatzeari, eta hamar eguneko epe bat eskatu zuen erantzun sendo bat emateko.

Egia da krisia bat-batekoa denez, aurreko krisietan baino bizkorrago erantzuten ari direla EBko gobernuak, eta Europako Banku Zentralak ez duela itxaron bere alea jartzeko —beste 750.000 milioi euroren bonuak erosiko dituela iragarri du, eta bankuei nahi beste likidezia agindu die—.

Baina krisiari aurre egiteko gastua finantzatzeko moduan alde handiak daude. Koronabonuak eskatu dituzte bederatzi estatuk, hau da, EBren edo eurogunearen bermea duten zor bonu batzuk jaulkitzea. Proposamen horren atzean daude ohiko susmagarriak —Frantzia, Italia, Espainia, Grezia eta Portugal—, baina baita Belgika, Irlanda, Eslovenia eta Luxenburgo ere. David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak ere formula hori babestu zuen atzo. Baina, atzoko bileran Alemaniaren, Herbehereen, Austriaren eta Finlandiaren ezezko borobila jaso zuten, beldur baitira haiek pagatuko dutela azken faktura.

Errreskate funtsaren aukera

Bigarren aukera bat da ESM erreskate funtsak gastatzeke dituen 410.000 milioi euroak erabiltzea diru beharrean daudenei laguntzeko. Horretan ere badira aldeak: Italiak eta Espainiak nahi dute ESMren dirua baldintzarik gabe jaso, larrialdiko egoera dela argudiatuta, baina iparraldekoek defendatu dute ESMren dirua nahi duenak haren zaintzapean geratu beharko duela.

Europar Kontseiluan parte hartu zuten batzuek beste bideokonferentzia bat izan zuten goizean, G20ko taldekoa. «Birusak ez du mugarik errespetatzen», onartu zuten agiri bateratuan, eta horregatik agindu zuten «beharrezkoa den guztia» egingo dutela krisi globalari aurre egiteko. Adierazpenak adierazpen, estatu bakoitza bere aldetik ari da pandemiaren aurka borrokatzen.

«2008koa baino larriagoa»

E zkor azaldu da Munduko Merketaritza Erakundea (MME). «2008ko Atzeraldi Handia baino krisi ekonomiko larriago bat», espero du, eta munduko herrialdeei eskatu die agertoki horretarako prest egoteko. «Ez dago laguntzarik behar ez duen herrialderik; azken aurreikuspenek erakusten dute atzeraldi handi bat datorrela, eta enplegu asko galduko dela. 2008ko finantza krisiak eragindako enplegu galera hura baino handiagoa izango da», azaldu du Roberto Azevedo MMEko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.