Euskal Herriko bankuak asmatzen ari dira interes tasa txikien garaiari etekina ateratzen. Kutxabanken eta Bankoaren ildotik, Laboral Kutxak ere lortu du bere emaitza pixka bat hobetzea: urteko lehen sei hilabeteetan 76,4 milioi euro irabazi ditu, iazko epe horretan baino 564.000 euro gehiago (+%0,88). Faktore batek izan du pisu gehien emaitza positibo horretan: hamaika milioi gutxiago baztertu behar izan ditu mailegu eta beste inbertsio ustelak estaltzeko (hornidurak), etahorrela konpentsatu du negozio arruntaren eta finantza eragiketen etekin txikiagoa.
Dirua merke izateak ez du errazten bankuen negozio ohikoa: jasotako aurrezkiari ematen dion interesa baino gehiago kobratzea mailegua eskatzen diotenei. Laboral Kutxak «ingurune zail» deitzen duen hori luzatu egingo da, ordea, Europako Banku Zentralak argi utzi duelako aurten ez dituela interes tasa ofizialak %0tik igoko, eta, are gehiago, beste interes batzuk gehiago apalduko dituela. Muga horiek ekarri dute Laboral Kutxaren interesen irabazi tartea 2,7 milioi(-%2,1) txikitu izana aurtengo lehen erdia, 122 milioira arte. Euriborraren bilakaera ez ezik —berriro jaisten hasi da—, NIIF16 kontabilitate arau berriak ere eragina izan duela argitu du kutxak. Horren zati bat, (0,8 milioi) komisio handiagoen bitartez berreskuratu du.
Komisio horiek lotuta daude negozioaren zabalpenari. Izan ere, Laboral Kutxak aurrezki gehiago jaso du (22.928 milioi, +%5,1), bere inbertsio funtsetan diru gehiago erakarri du (+%5,3), pentsio planetako saldoek gora egin dute (+%2,4), eta mailegu gehiago eman ditu. Zehazki, 13.454 milioi euroren kredituak ditu emanda, duela sei hilabete baino %1,96 gehiago.Nabarmen handitu dira etxebizitza erosteko mailegu hipotekarioak (iaz baino %5,9 gehiago), baina baita kontsumorako egindakoak ere (+%2,7). Maileguen berankortasuna %4,14ra jaitsi da, lehiakideen batez bestekoaren azpitik (%5,65).
Aseguruen negozioak ere emaitza positiboak eman dizkio: 20,5 milioi, 2018ko epealdi berean baino %3,2 gehiago. Aseguruen arloan berrikuntza bat jarri du indarrean Mondragon taldeko kreditu kooperatibak: ezbehar digitala izeneko zerbitzua. Haren bidez, bezeroek kutxaren webgunearen bitartez emanditzakete etxean edo lanean gertatutako ezbeharren berri.
Emaitza onak eman dituzte Euskal Herrian egoitza duten beste banku batzuek ere: 2.442 milioi irabazi ditu BBVAk (-%3,7), 197,3 milioi Kutxabankek (+%5), etabost milioi Bankoak (+%6,7).
Laboral Kutxak emaitzei eutsi die, hornidura txikiagoei esker
Urteko lehen sei hilabeteetan 76,4 milioi euro irabazi ditu kreditu kooperatibak. Mailegu gehiago eman ditu, eta aurrezki gehiago bildu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu