Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Basoa erdi beteta

2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Gaur egun 1.185.500 pertsonak baino gehiagok ulertzen dute euskara (gainera, gogoan izan kopuru horiek jakiteko egiten diren ikerketek askotan ez dituztela 16 urtetik beherakoak kontuan hartzen). Euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu azken 25 urtean. Jaiotzen diren euskal autonomia erkidegotarren 10etik 8 D ereduan matrikulatzen dira. Gasteizen eta Araban oro har euskararen erabilerak gora egin du azken bost urteetan. Bizkaiko 112 udalerrietatik 98tan euskara ulertzen du populazioaren erdiak baino gehiagok. Gipuzkoan kalean aurki ditzakezun 3tik 2ri euskaraz hitz egin diezaiekezu. 16-35 adin-tartean euskaldun kopuruak gora egin du Iparraldean azken 20 urteetan. Euskara munduko 34 unibertsitatetan irakasten da, eta presente dago 150 euskal etxe baino gehiagotan.

Interneteko hizkuntzen artean, euskara 45.a da. Calvet barometroak munduko 51. hizkuntza gisa kokatu zuen 2013an. Euskarazko wikipedia munduko 29.a da. Twitterreko lehen 40 hizkuntzetako bat izan zen. Hizkuntza ofiziala da EAEn eta Nafarroako eremu bitan. Europako hizkuntza zaharrenetarikoa da, Islandiara heldua IV. menderako eta Ingalaterrako gortean entzuna beranduenez 1176an; hizkuntza isolatua da kontinenteko gainerako hizkuntza ez indoeuropar apurren artean, hau da, balio handiko ondare ukiezina. 5 euskalki ditu egun, eta 8 izan ditu; euskalkion hiztunek estandarra ere hitz egiten dute.

Ez du gramatika-generorik, beraz, inguruko hizkuntza erromantzeak baino parekideagoa da sortzetik; generoa markatu nahi duenerako, aldiz, forma alokutiboa erabil dezake. Familia sistema zorrotza du, «neba», «arreba», «ahizpa» eta «anaia» bereizten baititu. «Jardun» eta «ari» aditzek ez dute parekorik. Hizkuntzaren aditz laguntzaile guztiak DIN A3 orrialde batean kabitzen dira; inguruko hizkuntzak bezalaxe, bataz beste 800 eskola-ordutan ikas daiteke.

XXI. mendean, urteko batez besteko euskal liburu kopurua 2.200 da. Jakin.eus-eko Liburu behatokia atalaren arabera, XX. mendearen hasieratik XXI. mendeko lehen 12 urte bitartean 50.265 euskal liburu sortu ziren, erditik gora mende berriko lehen urteetan. 1935. urtera arte, urteko 36 liburu atera ohi ziren, frankismo garaian 50 eta geroztik 1.300dik gora. UEUk sortutako Inguma euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-baseari jarraiki, 737 doktorego-tesi egin dira euskaraz azken 40 urteotan. Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzetan oinarrituta, euskaraz 125 hedabide baino gehiago daude. «Euskarazko filmak» wikipediako orriak 102 pelikula jasotzen ditu (euskara hutsez errodatutako fizkiozko filmak 2005-2018 artean 26 dira zehazki, Miren Maniasek emandako datuei esker) eta euskaratutako 106, eta dokumentalak aparte zerrendatuta daude. Argiaren multimedia gunean 215 film labur ikus daitezke euskaraz. Gabi de la Mazaren youtubeko karaoke kanalak 1.194 euskal kantu biltzen ditu. Euskal musikak azken aldian aretoetako sarrera guztiak saldu ditu aldez aurretik. 2016an 1.700 bertso-saio baino gehiago egin ziren; Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalak hitzean oinarritutako euskara hutsezko ekitaldi batean 15.000 lagun batzen ditu egun osoz. Go!azen telesailak aurrekaririk gabeko arrakasta du ume eta gaztetxoen artean.

Euskara batua gure herriaren kohesioa bermatzeko tresna arrakastatsuena da, euskal herritarren onespenari esker funtzionatzen duen herri akordioa. Euskal erakundeak eta euskalgintzako eragile nagusiak bizi naizenetik lehen aldiz adostasunez ari dira lanean. Euskal hiriburu guztietako alkateak euskaldunak dira. Euskal Herrian ondoen baloratutako politikariak beti euskal hiztunak dira. Hiriguneetan, euskaraz dakien jendea ikasketadunagoa izateko joera dago. Nazioarteko hizkuntza lankidetzan kasu eredugarria da euskal hizkuntz politika oro har. Amaitu berri den Korrika inoizko jendetsuena izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.