Autoa erosteko hilik onena

Gas isurien araudi berriaren eraginez, abuztuan nabarmen txikitu dira auto berrien prezioak

Ford markako autoak, kontzesionario batean salgai. CJ GUNTHER / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Pasa den urteko abuztuan nabarmen egin zuten behera autoen prezioek, WLTP testaren eraginez. Gauza bera eragin du aurtengoan RDE frogak; egiazko zirkulazio egoeretan egiten den azterketa berria da RDE. Irailaren 1etik aurrera jarriko dute indarrean.

Horrenbestez, araudia aldatuko dute froga hori dela eta; kontua da kontzesionarioetan dauden kotxe askok ez dituztela eskatutako neurriak betetzen gaur egun. Horregatik, auto saltzaileei stocka ahalik eta azkarren ateratzea komeni zaie; hala egin ezean, kotxe horiek automatrikulatu egin beharko dituzte.

Dena den, Javier Bagues Gorla Auto Group kontzesionario taldeko kudeatzailearen hitzetan, «egoera ez da aurreko urteko bera». Joan den urtean, ia %50 handitu ziren salmentak abuztuan, «baina autoak hilabete horretan matrikulatu behar dira nahitaez; beraz, eskaintzak iaz bezain garrantzitsuak dira». Auto batzuk %40 ere merkatu dira. Joan den urtean, kontzesionarioek tarte txiki bat izan zuten araudia betetzen ez zuten autoak saltzeko irailaren 1etik aurrera, baina aurten ez da halakorik izango.

Baguesek dio «autoa erosteko aukerarik onenak» abuztuan izango direla aurten ere, «bezeroen izenean matrikulatuta». Kontzesionarioek berek matrikulatzen dituzte saltzen ez dituzten autoak, eta, ondoren, zero kilometroko kotxe gisa saltzen dituzte, bigarren eskuko kotxe moduan.

Eskaintzak antzekoak badira ere, Gorlako kudeatzaileak argitu du salmentak ez direla horrenbeste haziko, neurri handi batean, gaiak «oihartzun gutxi» eduki duelako: «Aurreko urtean asko hitz egin zen prezioen beherakadaren inguruan; aurten askoz lasaiago doa kontua». Ondorioz, «dei efekturik» ez dela egon azaldu du; haiek publizitatea egin arren, komunikabideetan gaia gutxiago atera denez, «askoz bezero gutxiago» joan dira erakusketetara.

Eusko Jaurlaritzak Renove plana abian izan zuen martxotik maiatzera bitartean, baina auto berrien salmenten beherakada ez da eten Hegoaldean. Hein handi batean, diesel autoen krisiak eragin du hori. 2010ean, merkatu kuotaren hiru laurdenek gasolioa zerabilten, eta egun ez da laurden batera iristen kopuru hori.

2018ra arte, 1992an ezarri zen oinarrizko sistema bat erabiltzen zen autoen gas isuriak neurtzeko. Irailaren 1etik aurrera, ordea, Europako Batasuneko auto guztiek gainditu beharko dituzte WLTP eta RDE azterketak.

Dieselaren isurien inguruko eskandaluek bultzatu dute neurketa sistema berriak ezartzeko erabakia. Test berriek auto horienganako konfiantza berreskuratzeko balioko ote duten galdetuta, baietz erantzun du Baguesek: «Diesela abiapuntu hobea da gasolina baino: CO2 partikula gutxiago emititzen ditu. Beraz, bai; bultzatu beharko luke dieselaren salmenta».

Diesela edo gasolina

Halere, bezeroei zentzuz erostea gomendatu die, gaur egun «diesela behar duenak gasolina erosten baitu, eta baita alderantziz ere». Zergatik?: «Diesel bat erostea da logikoena urtero 20.000 kilometro baino gehiago egin behar badituzu; berotzen direnean funtzionatzen dute ondo motor horiek». Gasolinaz dabiltzan autoak gomendatu dizkie, berriz, 10.000 kilometro baino gutxiago egiten dituztenei, oro har. 10.000-20.000 km artean egiten dituztenen kasuan, «ohiko ibilbideak eta beste aldagai batzuk aztertu beharko lirateke». Ondorioz, isurien kontrol berriek bezeroak «zentzu gehiagorekin» erostera bultzatzea espero du Gorlako kudeatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.