Bi hilabetean lau behargin hil dira altuera handietatik erorita Euskal Herrian

Sindikatuek ikerketa zorrotzak eta zigor eredugarriak eskatu dituzte, Deustuko lan istripuaren harira. Elkarretaratzera deitu dute gaurko

Larunbateko lan istripua gertatu zen aldamioa, Bilboko Deustuko auzoan. BERRIA.
xabier martin
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Eraikuntzaren sektorean urtero gertatzen da lan istripu hilgarrien kopuru esanguratsu bat, baina urte hasierak utzitako datu beltz batek alarma guztiak piztu ditu: bi hilabetean lau langile hil dira altuera handietatik erorita, azkena Bilboko Deustun, joan den larunbatean. Bederatzi beharginek galdu dute bizia urtarrilean eta otsailean, eta horietatik lau erorikoetan izan dira, segurtasun neurriek huts egin dutelako.

Sindikatuak asaldaturik daude ikusita urtero-urtero exijitzen dituzten ikuskaritza zorrotzak ez direla nahikoak lan istripuen jario odoltsua eteteko, behar bezainbeste egiten ez direlako edo ez direlako beharko luketen bezain eraginkorrak. LAB sindikatuak aldamioekin lotutako araudiaren benetako aplikazioa jarri du miran: «Zalantza handiak sortzen zaizkigu: aldamioen araudia aldatu zenetik, babes perimetrala dutenak erabili behar dira, eta, hala ere, altuerako erorikoak behin eta berriro gertatzen ari dira. Prebentziozko arduradunaren lana guztiz desitxuratu du patronalak, Lan Ikuskaritza eta Osalanen utzikeriari esker, eta, egiazki, inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten diren ala ez segurtasunaren ikuspegitik». Egoera horrek sortzen du, LABen arabera, lan istripuetan «egun dagoen emaitza beldurgarria».

Larunbata ez da lan eguna

37 urteko eraikuntzako langile bat aldamiotik erori zen joan den larunbatean, 6. solairuko altueratik, eraikin bateko zaharberritze lanetan ari zela, Bilboko Deustun. Otsailaren 8an, berriz, beste lan istripu hilgarri bat gertatu zen eraikuntzan, Barakaldon. 62 urteko behargin bat zendu zen makina handi bat gainera erori zitzaionean.

Euskadiko CCOOk «zigor eredugarriak» eskatu ditu, eta ohartarazi du Deustuko istripua gertatu zela «laneguna ez den egun batean, Bizkaiko eraikuntzaren lan hitzarmenaren arabera». Ikerketa zorrotz bat egin dezaten nahi du CCOOk, «irregulartasunak» agerian gelditzeko, «egon badira». Halaber, Euskadiko UGTk jakinarazi du «ikerketa zorrotzena» egitea exijituko diola Osalani. CCOOk protesta bat egingo du gaur, goizeko hamaiketan, Deustuko lan istripua gertatu den eraikinaren parean, Sancho Azpeitia kalean. UGTk Bilboko bere egoitzan egingo du elkarretaratzea, eguerdian.

Gehiengo sindikalak, berriz, 11:30erako deitu du protestara, baina biharko, Botika Viejako 17.ean. LABek salatu du zailtasunak izaten ari dela istripuaren inguruko «informazio teknikoa jasotzeko». Osalanek ez dio inongo txostenik iritsarazi, sindikatuak esan duenez. Istripua larunbatez gertatu zela eta, «gehiegizko ordu eta lan kargen arriskua» nabarmendu du LABek: «Kontrolatzen al du administrazioak lan orduak errespetatzen ote diren? Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?», galdetu du sindikatu abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.