Maxameko langileek greba mugagabea hasiko dute kaleratzeak eragozteko

Lehergai multinazionalak itxi egingo du ehiza kartutxoen Galdakaoko fabrika. 70 langileetako batzuk ezingo dituzte eraman beste postu batera

Maxameko langileek eginiko elkarretaratze bat, Galdakaoko plazan. GEURIA.EUS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Maxam lehergai multinazionalak Galdakaon (Bizkaia) duen fabrikako langileek greba mugagabea hasiko dute bihar. Enpresak ehiza materiala ekoizteko bertan duen fabrika itxiko du martxoan, eta sindikatuei jakinarazi die ezingo dituela beste postu batean jarri bertan diharduten 70 langileetako batzuk. Hari erantzunez, langile guztiek, lehergaiak eta kartutxoak ekoizten dituztenek, lanuzte mugagabea hasiko dute bihar. Langile batzordeko lau sindikatuek babestu dute deialdia (UGT, CCOO, SIX eta ELA).

Maxamek Euskal Herrian duen fabrika nagusian hasiko da greba. Zuhatzun dago, trenbidearen alboan, eta inguruan dinamitera esaten diote. Zuzendaritzak Nobel Sport Frantziako enpresari saldu dio Maxam Outdoors ehizarako materiala egiten duen enpresa, eta jabe berriek itxiko dute Galdakako ekoizpen lerroa. Maxamek beste kartutxo fabrika bat du Euskal Herrian, Iruña Okan (Araba), eta Nobel Sportek eutsi egingo dio.

Guztira, 320 langile dira Galdakaon, eta lanuzte mugagabea hasiko dute bihar. Sindikatuek, halaber, auzitara joko dute kartutxo arloaren salmenta legezkoa den aztertzeko. Haien iritziz, posible da hura irekita edukitzea, eta, hala ez balitz, langile guztiak Maxamen beste fabrika batzuetara eramatea. Era berean, erretiro aurreratuak edo irteera ordainduak bideratu daitezkeela uste dute. Enpresak, berriz, akordiorik ezean, kaleratzeak lan erregulazio baten bitartez egingo dituela esan zien langile batzordeko kideei.

Hau ez da Maxameko langile batzordeak abian daukan salaketa bakarra. Aurretik behin-behineko langileen egoera salatua zuen lan ikuskaritzaren aurrean. Haien datuen arabera, ehundik gora dira, eta gehienek sei eta bederatzi urte artean daramate aldi baterako kontratuekin. Maxam lehergai sektoreko munduko enpresa handienetako bat da; 150 urte ditu. Egun, 6.000tik gora langile ditu, eta 1.139 milioi euro fakturatu zituen 2019an, 21 milioi euroko irabazi garbia lortuz. Fakturazio zifra horretatik 64 milioi euro izan ziren Maxam Outdoorsenak (%5,8).

Grebalarien aldeko epaia

Bestalde, Novaltiak langileen greba eskubidea urratu zuela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Grebalarien oporrak ordezkatzeko langileak kontratatu zituen, eta, epailearen ustez, hori legez kanpokoa da. Ondorioz, 35.000 euro ordaindu beharko ditu isunetan eta kalte ordainetan, hamazazpi grebalarien artean banatzeko. Grebalarien aldeko antzeko laugarren ebazpena da.

Novaltia botika banaketako hamazazpi langilek 940 egun daramatzate greban. Lan ikuskaritzan salatua zuten enpresak grebalarien balizko oporrak erabiltzen ari zela ordezkoak kontratatu eta haiek lanean sartzeko. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, enpresak egun horietako soldata ordaindu beharko die grebalariei, eta 1.000 euroko ordainsari berezia bakoitzari, «kalte moralengatik». Aurretik ere langileen aldeko beste hiru ebazpen egon dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.