Auzitegi Gorenak ere indarrik gabe utzi ditu Zener Plusen 65 kaleratzeak

Ez du onartu Erandioko telekomunikazio enpresak jarritako helegitea. Iaz eginiko kaleratzeak dira, konfinamenduaren lehen bi asteetan

Zener Pluseko langileek eskegitako pankarta bat, kaleratuak berriz kontratatu ditzatela eskatuz. CCOO.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Pandemia garaian eginiko kaleratze kolektiboen inguruko ebazpenak irteten hasiak dira Auzitegi Gorenean. Atzo indargabe utzi zituen Zener Plus Erandioko (Bizkaia) telekomunikazio enpresak iazko udaberriko itxialdian eginiko kontratu eteteak. EAEko Auzitegi Nagusiak gauza bera ebatzi zuen iazko azaroan, CCOO sindikatuak hasitako auzibideari arrazoia emanez. Enpresak helegitea jarri zion ebazpen horri, eta Gorenak ez du onartu. Horiek hala, enpresak kaleratu asmo zituen 65 langileek beren eskubideak aldarrikatu ahal izango dituzte.

Tubacexeko eta PCBko lan erregulazioen kasuek jarri zuten lupa Auzitegi Gorenaren gainean. Hala ere, haiena ez zen izan EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu zuen pandemia garaiko lehen kaleratze kolektiboa. Aurretik, besteak beste, Zener Plusek lantaldean eginiko murrizketa epaitu zen, eta ia 11 hilabete geroago iritsi da Auzitegi Gorenaren berrespena. Zener Plusek banakako 65 kaleratze egin zituen itxialdiaren lehen bi asteetan, eta, epaileen ustez, erabaki hori «neurriz kanpokoa» eta «bitxia» da. Are gehiago, ebazpenaren arabera, kaleratze horien arrazoia frogatzen ere ez zen saiatu enpresa.

Zener Plus 180 langileko enpresa bat da, eta Masmovil eta Vodafone komunikazio enpresei ematen die zerbitzua: haien sareen instalazioa eta mantenua egiten du. Iaz, martxoaren 16a eta apirilaren 3a bitartean, 65 langile kaleratu zituen, eta banaka-banaka eman zuen haien berri. Gogoratzekoa da Espainiako Gobernuak ezarritako itxialdia martxoaren 15ean hasi zela, eta ekainaren 21era arte iraun zuela. Bada, itxialdiko lehen bi asteetan, kontratu mugagabedun 34 langile kaleratu zituen diziplina arrazoiengatik, froga garaian zeuden 25 langileren kontratua ez zuen berritu, eta behin-behinean zeuden sei langileren kontratua behar baino goizago eten zuen.

Iturri sindikalen ustez, ezkutuko erregulazio bat egin zuen, eta data haietan ezin zen halakorik egin. Are gehiago, iazko apirilaren 2an Zenerrek aldi baterako erregulazio bat jarri zuen indarrean, eta langileak kaleratzen jarraitu zuen. CCOOk apirilean izan zuen banakako kaleratze andanaren berri, eta salaketa jarri zuen kaleratze kolektibo gisa tratatu behar zelakoan. Hasieran akordio bat lortu zuen enpresarekin, hala nahi zuten kaleratuak itzul zitezela adostuz, baina, hori betetzen ez zela ikusita, CCOOk aurrera jarraitu zuen auzibidearekin.

Eta orain zer?

65 kaleratuek, orain, beren eskubideak aldarrikatu ditzakete. 30 inguru azaroan itzuli ziren lanera, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ondoren, eta, ondo bidean, beren lanpostua ziurtatuta izan beharko lukete. Besteek ez zuten itzuli nahi izan, hainbat arrazoirengatik. Iturri sindikalen arabera, guztiek tramitazio garaiko soldatak eta langabezia ordainsariak erreklamatu ahal izango lituzkete, bai behintzat azarora artekoak. Espainiako Gobernuak ere gauza bera egin dezake, SEPEk ordaindu baitzuen kaleratuen langabezia saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.