Autoak erosteko laguntza emango du Jaurlaritzak; «azkenekoa», ahal dela

Espainiako Gobernuak ibilgailu elektriko eta hibridoetarako ematen dituen laguntzekin bateragarria izango dela aurreratu du Arantxa Tapiak

Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Auto zaharra bota eta berria erosteko beste Renove plan bat indarrean jarriko du Eusko Jaurlaritzak. «Espero dugu azkenekoa izatea», Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak azaldu duenez. Salmenta eskasen ondorioz une gogorrean dauden auto ekoizleei eta saltzaileei laguntzeko ez ezik, CO2 isurketak gutxitzeko tresna bat dela argudiatu du Tapiak. Baina, 2020an indarrean izan zen planean bezala, «neutraltasun teknologikoa» izango du; hau da, gasolina eta gasolioa erretzen duten autoak erosten dituztenek ere jaso ahal izango dutela, eta ez soilik elektrikoak erosten dituztenek. Auto berriek zaharrek baino karbono gutxiago isurtzen dutela esanez justifikatu du erabakia.

Jaurlaritzak ez du zehaztu noiz izango den indarrean, baina «lehenbailehen» izatea espero du, administrazio prozedura amaitzen denean. Bai, ordea, bateragarria izango dela Espainiako Gobernuak apirilean abian jarritako Moves planarekin. Haren bidez, auto elektrikoak edo hibrido entxufagarriak erosten dituzten Hego Euskal Herriko herritarrek 7.000 euro jaso ahal izango dituzte, trukean erreketa motorreko bat txatartegira bidaltzen badute; 4.500 euro izango dira, berriz, auto zaharra kentzen ez badute. 45.000 eurotik beherako auto elektriko bat erosten dutenek eskatu ahal izango dute laguntza.

3.000 eta 2.000 euro artean

Apalagoak izango dira, berriz, Jaurlaritzak emandako laguntzak. Tapiak ziurtatu du 2020ko planekoen «oso antzekoak, berdinak ez esatearren» izango direla. Hala balitz, 3.000 euro arteko laguntza jasoko lukete auto elektrikoaren erosleek, 2.500 euro hibrido entxufagarria aukeratzen dutenek, eta 2.250 euro, berriz, sarera konektatu behar ez direnhibridoa nahi dutenek. Gasolina edo gasolioa erretzen dutenentzat 2.000 euroren laguntza izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietakoak izan ziren aurreko planaren laguntza jaso zuten 5.000 auto gehienak.

Urtarriletik apirilera bitarte 10.300 auto saldu dira, Hego Euskal Herrian baino %21 gehiago. Edonola ere, kontuan hartu behar da iazko martxoaren erditik maiatzera bitarte itxita izan zirela saltokiak. 2019ko lehen lauhilekoarekin alderatuta, berriz, %42 gutxiago saldu dira aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.