Bizkaiko metalgintzan akordiorako oinarri bat dago, eta greba ez da egingo

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek FVEMen proposamena onartu dute, eta bertan behera utzi greba deialdia; ELAk denbora eskatu du

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen agerraldia metalgintzaren grebaren berri emateko, joan den hilean. M.DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek sakonago aztertu behar dute FMEV patronalak sindikatuei aurkeztutako azken proposamena, baina mahai gainean dagoena nahikoa da —xehetasunez jorratu arte behintzat— sektoreko 50.000 beharginei egindako greba deialdiak bertan behera uzteko.

 

Atzo iluntzean iritsi zen albistea, egun osoko bilera luzearen ostean: LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordiorako oinarri bat adostu dute Bizkaiko metalgintzako FMEV patronalarekin, eta bihar zein etzi eta abenduan egitekoak ziren zortzi greba egunak ez dira egingo, baldin eta behin-behinean adostutakoa egonkortu eta itun ofizial bihurtzen bada datozen egunetan. ELAk ez du bat egin akordio horrekin, eta denbora eskatu du patronalaren proposamena aztertzeko; ondoren iragarriko du zein den bere posizioa, eta haren arabera mobilizazioekin jarraitzen duen ala ez.

«Azken hilabeteetan patronalak bere jarrera immobilista aldatu behar izan du», esan zuen ELAk ohar baten bidez, akordioaren inguruko balorazioa egitean. «CCOOk, LABek eta UGTk, hitzarmena aurrez adostu, eta aste honetako greba deialdiak bertan behera uztea erabaki dute», azaldu zuen sindikatuak, horrekin batera denbora eskatuz. «Proposamenaren lehen azterketa bat egin ondoren, uste dugu gai batzuk hobetu egin behar direla. Kezkaz ikusten dugu, gainera, atzerapausoren bat gertatuko ote den». Horregatik, ELAk «beharrezkotzat» jotzen du patronalaren agiriak aztertzea «hurrengo urratsak erabakitzeko».

LAB: «Historikoa da»

Halako zuhurtziarik ez da ageri LAB sindikatuaren balorazioan; aitzitik, sindikatu abertzalearentzat «historikoa» da lortutako akordioa. «Gehiengoaren babesarekin, aurreakordio historikoa sinatu dugu. Historikoa, orain arte sektore honetan ez zeuden edukiak lortu ditugulako». Eta zein dira eduki horiek? Bada, besteak beste, lehen lerroan jarri duten erreibindikazio bat: subrogazioa. «Mantentze lanak egiten dituzten langileentzat subrogazioa lortu dugu. Euskal Herriko industrian lehen hitzarmena da subrogazioa jasotzen duena». Sindikatu abertzaleak dio estatalizazioa gainditu duen akordio bat ere badela. «Metalgintzako langileek urteak zeramatzaten hitzarmenik izan gabe, eta langile berriak dualtasuna pairatzen zuten: lan baldintza desberdinak lan bera egiteagatik. Halaber, langile guztiei eragiten zien estatalizazioaren mehatxuak. Prekaritatea hedatzeko bi egoera horiek sektoretik desegitea lortu dugu».

Eta soldata igoerak ere jasotzen ditu akordioak: 2019rako, KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPIa gehi 1,5ekoa. Halaber, emakumeen bazterketari aurre egiteko neurriak adostu dituzte alde guztiek. «Berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoa dago, enpresetan berdintasun planak egiteko eta kontratazioa langilearen sexua kontuan izan gabe egiteko».

Aurten, langileek hamar greba egun egin dituzte sektoreko itun baten alde Bizkaiko metalgintzan, eta beste zortzi egun egiteko prest zeuden, bihar eta etzitik hasita, harik eta patronalak sindikatuen aldarrikapen batzuk onartu dituen arte. «Borroka historikoa egin dugu. Garai berri bat ireki da Bizkaiko metalgintzan, lan munduan eta jendartean», esan zuen LABek bere oharrean.

Honakoak dira hitzarmenerako aurreakordioak jasotako puntuak:

-Subrogazioa mantenua egiten duten langileentzat.

-Berdintasun batzorde bat sortzeko, berdintasun planak egiteko eta kontratazioan generoa kontuan ez izateko konpromisoa.

-Dualitatearen eta estatalizazioaren aurkako neurriak.

-Behin-behinekotasunari mugak ezartzea.

-Kontratazio zuzena bultzatzea, aldi baterako laneko enpresen bidez eginiko kontratuak murrizteko.

-Lan osasun galera murrizteko neurriak.

-Soldatei dagokionez, 2019rako KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPIa gehi 1,5ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.