Ryanairrek zalantzaren laino beltza jarri du berriro Forondaren gainean. Irlandako aire konpainiari esker, suspertze prozesuan dago Gasteizko aireportua, 2008tik 2015era galdutako bidaiariak berreskuratzen. Baina biziberritze hauskorra da Forondarena, Ryanairrekiko oso menpekoa, hura baita hegaldi erregularrak egiten dituen bakarra. Hauskortasuna agerian geratu da orain: urtearen hasieran irabaziek %24 behera egin ondoren, Ryanarrek iragarri du 900 lanpostu kenduko dituela, eta hainbat egoitza itxi. Horien artean dago Tenerife Sur (Kanariak, Espainia), Forondatik abiatzen den hegaldi arrakastatsuenaren helmuga. Ryanairrek ziurtatu du erabakia artean ez dagoela hartuta, baina edonola ere ez duela hegaldia etengo, eta Tenerifera iritsi ondoren beste base batera joango dela hegazkina.
LSB-USO sindikatuak auzitan jarri du azalpen hori, esan baitu egoitza galtzen duten aireportuek langileak eta hegaldiak ere galtzen dituztela. Haren ustez, diru laguntza publiko gehiago jasotzeko estrategia da Ryanairrena. Forondaren kasuan, Arabako Aldundiaren, Arabako Merkataritza Ganberaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du konpainiak. Horregatik, EH Bilduko batzarkide taldeak Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du. Talde horrek salatu duenez, behin baino gehiagotan eskatu du laguntzei buruzko informazioa, baina beti ukatu diote, enpresa pribatu batekin egindako kontratua dela argudiatuta.
Trafikoa gora
Urtea hasi denetik, 100.067 bidaiarik erabili dute Forondako aireportua, iaz baino %22,3 gehiago. Charter hegaldien erabiltzaileak dira horietako batzuk, baina gehienek Ryanairren hegazkinak erabili dituzte Tenerifera, Sevillara (Espainia), Bergamora (Italia) eta Koloniara (Alemania) joateko. Tenerifekoak izan ditu aurten erabiltzaile gehien.
Apirilaz geroztik, egun osoan irekita dago Gasteizko aireportua, eta, horri esker, merkantzien garraioa gorantz doa oraindik: 37,8 milioi tona salgai iritsi dira Forondara edo handik atera, iaz uztailera arte baino %2,3 gehiago.
Euskal aireportuek 4,3 milioi bidaiaritik gora izan dituzte aurten urtarriletik uztailera, iaz baino %7,5 gehiago. Lau bidaiaritik hiruk Loiu erabili dute. Goranzko joera etengabeari eusten dio Bilboko aireportuak, iaz hautsitako markari %9ko hazkundea gehitu baitio. Gainera, lehen aldiz, hilabete bakar batean 600.000 bidaiariren muga gainditu du uztailean (603.319).
Erabiltzaile gehiago izan dituzte bai Hondarribiko aireportuak (186.000, +%9,1), bai Noaingoak (139.000, +%12,6).
Salbuespen bakarra Miarritzeko aireportua da: 603.000 bidaiari izan ditu urteko lehen zazpi hilabeteetan, iaz baino 60.000 gutxiago (-%9,2). Jaitsieraren arrazoi nagusia da otsailean itxi egin zutela hilabetez, pistan berrikuntzak egiteko.
Ryanairrek ziurtatu du ez duela kenduko Foronda eta Tenerife arteko hegaldia
Irlandako aire konpainiak 900 lanpostu eta hainbat egoitza kentzeak agerian utzi du Gasteizko aireportuaren harekiko menpekotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu