Iragarritakoa bete, eta beste 25 langile botako ditu kalera Euskaltelek

Hamar kaleratze R-n izango dira, zazpi Telecablen, eta zortzi Euskaltelen. Jose Miguel Garciak ez du baztertu kaleratze gehiago egitea

Irune Lasa.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskaltel Taldeko langile batzordeak bazuen arrazoirik kezkatuta egoteko. Bizkor iritsi dira esperotako kaleratzeak, buruzagitza berrian eta administrazio kontseiluan egindako aldaketak berretsi zituen ohiz kanpoko akziodun batzarraren biharamunean. Jose Miguel Garcia kontseilari exekutiboak atzo jakinarazi zien 25 langile kaleratuko dituela, eta konpainia jada hasi dela kaleratzeak beharginei komunikatzen.

25 kaleratzeetatik gehienak—hamar— Galiziako R-n egingo ditu Euskaltelek; beste zazpi behargin bidaliko ditu kalera Asturiasko Telecablen; eta kalera joango diren gainerako zortzi langileak Euskaltelen beharrean jardun dutenak izango dira. Ez dira Garciak, Zegona funtsaren gizonak, egiten dituen lehen kaleratzeak, buruzagitzara iritsi eta gutxira zuzendaritzako hogei kide bota baitzituen.

Langile batzordearekin atzo egindako bilkuran, kontseilari exekutiboak ez zuen baztertu etorkizunean kaleratze gehiago egitea, eta ez du inolako bermerik eskaini horren inguruan. Kaleratzeak «antolaketa aldaketen barruan» kokatu zituen.

Langileak, haserre

Beharginen ordezkariek erabakia gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian, Derion (Bizkaia), Euskaltelen egoitza nagusiaren atarian. Batzordeak ez du baztertzen beste neurriren bat ere hartzea.

Langile batzordeko presidente Javier del Blancoren (CCOO) ustez, «Euskaltelen egon badago jarduera, eta ez dago zergati edo arrazoi ekonomikorik kaleratzeok justifikatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.