«Birgizarteratze» neurriak eskatu ditu Donostian hildako gaztearen amak

Atxilotutako zazpi gazteek epailearen aurrean deklaratu dute; aske utzi dute bat, behin-behineko neurriekin, eta bat gutxienez kartzelatu dute

Ehunka lagun bildu ziren atzo Donostian, gaztearen hilketa gaitzesteko. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ostiral goizaldean jasandako jipoiaren ondorioz igandean zendutako mutil adingabea gogoan hartu zuten atzo, Donostian, udalak antolatutako elkarretaratzean. Ehunka pertsona bildu ziren, hilketak eragindako samina adierazteko; tartean izan ziren biktimaren senide batzuk ere. Baina oinazearen gainetik, gorrotoaren aurkako mezu bat igorri zuen gaztearen amak: errua migratzaileei ez egoztea galdegin zuen, eta atxilotuen egoera bideratzeko neurriak eskatu zizkien agintariei: «Ez daitezen izan kartzelatik sartu eta atera dabiltzan erasotzaileak; birgizarteratze osasungarria izan dezaten».

Santi zuen izena hildako mutilak, eta 17 urte zituen. Donostiako Klub Nautikoaren ondoan —udaletxe parean— eraso zioten ostiral goizaldean, zigarreta batzuen harira; bi egun egin zituen oso larri, koman, eta igandean zendu zen. Ostiralean bertan, zazpi gizon atxilotu zituen Ertzaintzak, erasoarekin lotuta; 18 eta 25 urte artean dauzkate. Atxiloaldia luzatu zieten larunbatean, kameretako irudien eta bi lekukoren testigantzen zain baitzeuden ikerlariak.

Atzo deklaratu zuten atxilotuek epailearen aurrean. Haietako bat aske utzi zuen, behin-behineko neurriak ezarrita. Gainerako seiak behin-behinean espetxeratzeko eskatu zuen fiskalak; gazteen defentsa egiten ari diren abokatuek, berriz, baldintzapean aske uztea galdegin zuten. Lerro hauek idazteko orduan ez zegoen epailearen autoen berririk. Zabaldu zen sei horietako bat behintzat kartzelatzeko agindu zuela gauean.

Atxilotuetako batzuk atzerritarrak direla eta, mezu xenofoboak zabaldu dira azken egunotan sare sozialetan. Horien aurka mintzatu zen atzo Fatima Hacine-Bacha Garcia, hildako gaztearen ama, ETBrekin: «Ez gaude ados kolektibo baten inguruan zabaltzen ari diren gorroto ideiekin, hemen adina baliabide ez duten pertsonak errudun jotzearekin». Hacine-Bacha bera migratzaileen alaba da: «Nire aita aljeriarra da, eta nire ama euskalduna. Kultura askotako balioak ditugu gure familian. Ez dugu gorroto mezuetan sartu nahi, ez dute balio. Irainek gerra baino ez dute ekartzen». Semearen hilketak eragindako «inpaktu sozialak» hausnarketa bat ekarriko duela espero du: «Konponbide errealak bilatu behar dira eremu politikoan, gazteak birgizartera daitezen».

Hacine-Bacharen «eskuzabaltasuna» goratu zuen Eneko Goia alkateak: «Une hauetan beharrezkoa da gorrotoaren aurka bidali duen mezua. Portaeretan jarri behar da fokua, eta gogoeta egin behar dugu gizarte gisa». Emakumearekin bildu zen Goia atzo, arratsaldeko elkarretaratzea egin baino lehen. Udalak ostiralean bertan adierazi zuen erasoa «onartezina eta zentzugabea» zela. Kantabriako (Espainia) Reocin herrian ere bilkura egin zuten atzo; han bizi da mutilaren aita.

Beste bi borroka

Donostiakoa ez da azken egunotan dantzalekuen inguruetan gertatutako borroka bakarra. Bizkaian bi gertakari larri izan ziren larunbatean, Santurtzin eta Barakaldon. Bigarrenaren harira, epaileak 27 urteko gizon bat kartzelaratzea ebatzi zuen atzo, beste bati lesioak eragitea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.