Eragileak «baikor» dira Parisek murgiltzeaz eginiko zirkularra dela eta

Aste honetan bilkurak egin dituzte Frantziako Hezkuntza Ministerioko teknikariekin Parisen, eta lehen zirriborro bat aurkeztu diete

Hizkuntza eragileetako ordezkariak, atzo goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautzen duen zirkular bat izanen da Frantziako Gobernuaren erantzuna, joan den maiatzean Frantziako Konstituzio Kontseiluak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea atzera bota ondotik. Joan den irailaren 15ean bilkura egin zuten eragileek, hizkuntza erakundeek eta hautetsiek, Jean Castex Frantziako lehen ministroarekin eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin, eta aste honetan ere bilkurak izan dituzte Parisen. Prestatzen ari diren zirkularraren «lehen zirriborro bat» erakutsi diete horietan, eta «baikor» agertu dira hartutako norabidea dela eta. Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak hizkuntza gutxituen legeari buruz atzo Baionan antolatu zituzten Jagon jardunaldietan eman zituzten horri buruzko azalpenak.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak uste du aitzinamenduak etor daitezkeela Paristik. «Baikorra naiz murgiltzea Lehen Maila osora hedatzeari buruz». Haatik, haren ustez, badira aipatu ez diren gai batzuk. «Bigarren Maila ez da aipatu; Lehen Mailarekin ez dugu aski». Ohartarazi du azterketak euskaraz pasatzeari buruz ere ez direla mintzatu.

Zirkularra «ahula» izanen da, baina «oraingoz ez dugu besterik», Marie Andree Ouret Biga Bai guraso elkarteko lehendakariaren hitzetan. Hala ere, uste du hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza normalizatzeko aukera izan daitekeela, aurki oztopo batzuk kentzen ahal dituelako. «Zirkular horren bidez espero dut hemendik aitzina ikasgela berriak irekitzeko eskaerak izanen direlarik errazagoa izanen dela».

Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak erran du Parisen izandako bilkuratik «aski kontent» atera zirela. «Baina kasu: parean genituen teknikariak ez dira erabakia hartuko dutenak», ohartarazi du. «Zirriborro bat erakutsi digute, eta eduki aldetik badira gauza interesgarriak, baina alerta gorria: zirkular bat besterik ez da! Goiz ala berant galdera egin beharko dugu ea zer egiten dugun Frantziako Konstituzioarekin».

Jorajuriak argitu zuen zirkularraren behin betiko bertsioa urte bukaera aitzin espero dutela. Ondoren, bigarren bataila abiatuko da: hizkuntza gutxituen gaia Frantziako hauteskundeen agendan sartzea, ondoko legealdian konstituzio aldaketa bati buruz joan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.