Ostalaritza martxa hartu ezinda dabil, eta sektoreko enpresa eta langileen artean «etsipena eta ezkortasuna» oso zabalduta daude. «Gainerako sektoreak susperraldia iragartzen ari diren bitartean, gureak ezin du halakorik esan»: hala mintzo da Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia. Haren esanetan, ostalaritza da pandemiaren kudeaketan egiten diren «akatsak» gehien pairatzen ari den sektorea, eta agintari politikoak egin ditu erantzule nagusi: «Guk ordaintzen ditugu haien ezintasunen ondorioak».
Etorkizun beltza marraztu du Martinezek; aurreikuspenak oso txarrak direla dio. Gipuzkoako ostalarien elkarteak bere kideen artean egindako azterketa baten arabera, datorren urte eta erdian 200- 300 establezimendu inguru itxiko dituzte lurraldean, eta, horietako batzuk berriz irekiko dituzten arren, uste dute sektorea 2023ra arte ez dela itzuliko pandemiaren aurreko mailara. 2019tik 2.306 lanpostu galdu dira Gipuzkoako taberna eta ostatuetan; %11 langile gutxiago daude.
Donostian eginiko agerraldi batean eman ditu datuok Gipuzkoako ostalarien buruak. Oso gogor mintzatu da Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketen aurka: «Iazkoak baino zorrotzagoak dira, biztanleriaren %70 txertatuta dagoen arren». Hala, ostalaritzako prebentzio neurriak birplanteatzeko eskatu dio gobernuari. «Kutsatzeengatik ixten duten enpresa bakarrak gara, ixteko agindua jasotzen duten bakarrak, eta langileei PCRak egin behar dizkieten bakarrak, arakatzaileek deitu ez arren».
Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 01:00ak baino lehen itxi behar dituzte tabernak, eta barrualdean %35eko okupazio maila izan dezakete gehienez. Hori %50era zabaltzea eta gaueko jarduera ordubete gehiago luzatzea galdegin dute. Era berean, Labi Babes Zibileko Planaren aholku batzordeari «oporrik ez hartzeko» eskatu diote, egoera epidemiologikoa aldatzen bada neurri horiek berrikusi edo beste batzuk hartu ahal izateko. «Beste sektore batek %35ean funtzionatuko balu, ziur gaude ez zirela oporretan joango», salatu du Martinezek.
Elkarteak beste eskaera bat ere egin du, kasu honetan Espainiako Gobernuari zuzendua. Uste dute hark emandako diru laguntzak «porrota» izan direla eta aurreikusitakoen %20 ere ez direla eskatuko. Laguntzak emateko baldintzak berriz aztertzeko eskatu dute, eta Jaurlaritzak aldarrikapen horrekin bat egiteko. Gasteizko gobernuari, halaber, galdegin diote 2022rako aurrekontuetan funts berezi bat sortzeko, murrizketek kalte egin dien sektoreei laguntzeko.
Turismoa, hobeto
Gipuzkoako ostalarien burua tabernen egoeraren inguruan mintzatu da bereziki, baina ostatuena ere izan du mintzagai. Azpimarratu du haien egoera zertxobait hobea izaten ari dela aurtengo udan. Hotel eta kanpinen okupazio maila %62koa izan da orain arte; iaz, %42koa izan zen udako kanpaina osoan. Azpimarratu du indarrean dauden murrizketak direla-eta erreserba gehienak Iberiar penintsulatik datozela, eta prezioek batez beste %10 egin dutela behera. Egoera hobea izanik ere, pandemia aurrekora itzultzeko bi urte beharko direla uste dute.
Ostalariek uste dute 2023ra arte ez direla itzuliko pandemia aurreko egoerara
Uste dute Gipuzkoan soilik 200dik gora negozio itxiko direla datorren urte eta erdian. Agintari politikoak egin dituzte egoeraren erantzule
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu