Orain, «arrazoi gehiagorekin»

Sindikatuek ofizialki erregistratu dute erakundeetan urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, atzo, Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean. M. RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 30erako greba orokorrerako deialdia ofiziala da dagoeneko. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek atzo erregistratu zituzten eskaerak Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan. Mobilizazioaren bultzatzailea Euskal Herriko Gutun Soziala da, baina eskakizunaren protokoloa sindikatuei dagokie, eta, haien iritziz, gaur egun, deialdia jakinarazi zutenean —iazko urriaren 24an— baino «are arrazoi gehiago» daude greba egiteko.

Sindikatuek bat eginda aurkeztu zuten eskaera agiria Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan —Nafarroan ELAk, LABek, ESK-k eta Steilasek egin zuten—. Bi hilabete pasatu dira deialdia publiko egin zutenetik, eta bat data zehaztu zutenetik. Hartaz geroztik, mugimendu politiko asko egon dira Hego Euskal Herrian eta Espainian, baina, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustez, «ez zaie erantzun grebara eraman gaituzten arrazoiei». Haren iritziz, erakundeek «ez dituzte jaso grebarako aldarrikapenak», ez Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoan, ez Nafarroako Gobernuko aurrekontu proiektuaz duten informazioan, ezta PSOEk eta Unidas Podemosek Espainiako Gobernua eratzeko akordioan ere.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere gogoratu zuenagintariei «ate joka» ari direla deialdi honekin. «Urkulluren gobernua eta Txibiterena ezin dira ezkutatu egunez egun gailentzen ari zaizkien arazo horien aurrean. Greba honek balio izan behar du prekaritatearen, pentsioen eta eskubide sozialen urraketaren gainean dagoen isiltasuna apurtzeko».

Bi sindikatuetako buruek greban parte hartzeko deia egin zieten langile guztiei, eta gogoratu zuten Ipar Euskal Herrian abenduaren 5az geroztik «borroka duin» batean murgilduta daudela, eta horrek are argiago uzten duela Euskal Herriak pentsio sistema propioa izatearen beharra.

Aranburuk argi du «erasora jotzeko» eginiko deialdi bat dela, «lan guztiek aitortza sozial eta politikoa jaso dezaten, zaintza lanak barne, ezinbestekoak direlako bizitza sostengatzeko». Greba egiteko arrazoi gehiago aipatzean, urte hasiera honetan lan istripuetan hildako langileak hartu zituen gogoan: «Bizitza duinaren aldeko greba bat erregistratzera gatoz, eta gogoratu behar da urteak dituen bederatzi egunetan sei langile hil direla dagoeneko lan istripuetan. XXI. mendean gaude, eta oraindik lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du. Hori ere langileen aurkako indarkeria mota bat da, eta greba honetan langileen osasunerako eskubidea defendatzera gatoz».

Lakuntzak, bestalde, «kalean estutzeko» garaia dela nabarmendu zuen, «Frantziako sindikatuak egiten ari diren bezala». Arrazoiak sobera daude, haren ustez, eta bizi baldintzen okertze prozesuaren aurrean gizarteak erantzun egin behar du. «Patronala ez da erlaxatzen, eta guk ere estutu behar dugu. Pentsioei buruz hitz egiten ari bagara, pentsiodunei esker da; berdintasunaz hitz egiten bada, mugimendu feminista kalean dagoelako da; eta, prekaritateaz hitz egiten bada, sindikatuengatik da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.