Lasaitua, bai, baina ospakizunetarako gogo handirik, ez. Greziak ofizialki utzi du atzean zortzi urte iraun duen erreskateen aroa. Hiru finantzaketa programa kateatu ditu herrialdeak, eta, aurreneko bien amaiera gatazkatsuekin alderatuta, ezuste desatsegin handirik gabe igaro dira azken asteak, batez ere kreditu emaileek eta gobernuak zorpetzearen ordainketa arintzeko neurriak hitzartu zituztenetik ekainean.
Alexis Tsiprasen gobernuari arnasa emango dio erreskateen irteerak, baina gaur telebistaz egindako hitzaldi batera mugatu dira ekitaldi ofizialak. Syriza alderdiko parlamentuko buruak, Kostas Zaharidisek, esana zuen ez dagoela ospakizun askotarako aukerarik: «Ez dugu uste hasi behar dugunik ospakizunetan, gizartearen parte handi batek arazo ekonomiko serioak ez balitu bezala».
Ez da uda erraza izan, gainera. Attika eskualdean izandako suteek 96 pertsona hil dituzte guztira, eta gobernuaren jarduna jopuntuan egon da. Asko hitz egin da gobernu krisi bati buruz, eta espero da irailean lehen ministroak aldaketa batzuk bultzatzea.
Edonola ere, gobernuak mezu baikorra eman nahi izan du aurrera begira. Dimitris Tzanakopulos bozeramaileak ziurtatu zuen herrialdea fase berri batean sartu dela, eta herritarrek «laster» nabarituko dutela agindu zuen. Kreditu emaileekin hitzartutako doikuntza guztiak indarrean daude, eta ez dira neurri gehiago hartu behar izango. 2019. urteko aurrekontuan 750 milioi euro gehiago eskura izatea espero du gobernuak, eta diru hori erabiliko du krisia gehien sufritu duten kolektiboen egoera arintzeko. Tsiprasek heldu den hilean jakinaraziko du zertara bideratuko diren zehazki milioi horiek.
EBko erakundeen babesa
Hirugarren erreskate programa amaituta, Greziaren irteerari buruzko irudi itxaropentsua indartzen ahalegindu dira Europako Batasuneko erakundeak. Donald Tusk Europako Kontseiluko buruak «Grezia eta bere jendea» zoriondu zituen, erreskate programak atzean uztea lortzeagatik. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko buruak azaldu zuen bera «aliatua, bazkidea eta laguna» izango dutela betiko greziarrek.
Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza gaietarako komisarioak agerraldia egin zuen propio Bruselan, Greziari buruz aritzeko. «Okerrena atzean geratu da», ziurtatu zuen, baina argi utzi zuen Grezian oraindik goiz dela krisiaren amaierari buruz hitz egiteko: «Programaren bukaera ez da bidearen amaiera».
Moscovicik onartu zuen azken zortzi urteak «oso mingarriak» izan direla. Pentsiodunei ordainak jaitsi zaizkie, milaka langilek lanpostua galdu dute, eta makina bat familiak galdu dute etxebizitza. Horiek guztiak gogoan, komisarioak aitortu zuen ziur aski haien arteko askok ez dutela ezertan nabaritzen ari euren egoerak hobera egin duela, baina agindu zien Europak «haiekin eta haientzat» lanean jarraituko duela.
Greziako ekonomia krisiaren aurretik baino laurden bat txikiagoa da orain. Langabezia %20ren azpitik jarri da, goia jo zuenean baino zortzi puntu gutxiago. Zorpetze zama handia du bizkarrean oraindik: 345.000 milioi. Dena ondo bidean, 2060. urtean kitatuko ditu azkenik EBko bazkideekin hitzartu dituen maileguen zor guztia.
Kreditu emaileekin helburu fiskal zorrotzak adostu ditu gobernuak. Superabit primarioak %3,5 izan beharko du 2022. urtea arte, eta %2,2 ondoren. Herrialdeko ekonomiari ikuskaritza indartua ezarriko zaio. Lehen azterketa irailaren 10eko astean egingo diote, eta hiru hilabetean behin Bruselako ordezkariek ekonomiaren martxari buruzko txostenak egin beharko dituzte.
Moscovicik garrantzia kendu nahi izan zion aurrera begirako kontrol horren efektuari. «Beltzezko gizonen atzetik ez dira urdinezko gizonak etorriko. Troika amaitu da». Hala, agindu zuen Greziari ez zaizkiola neurri edo erreforma gehiago inposatuko, eta azpimarratu zuen aurrerantzean Bruselatik emango zaion tratua «beste herrialdeek duten parekoa» izango dela.
Erreskateak kudeatzeko moduari buruz asko eztabaidatu da. Moscovicik horri buruzko «ideia faltsuak» borrokatu nahi ditu. Haren ustez, krisiak eragin zuen austeritatea, eta ez alderantziz. Greziako ekonomia modernizatzea «nahitaezkoa» zen, eta horretarako erreformak ezarri ziren. Estrategia horrek eragin dituen kritiken jakitun, onartu zuen «alde guztiek» egin dituztela okerrak prozesu horretan.
Ospakizun giro handirik gabe utzi du Greziak erreskateen aroa
Gobernuak azpimarratu du herritarrek «laster» nabarituko dutela aldaketa. «Okerrena atzean geratu da», Moscovici komisarioaren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu