Azken hamabi hilabeteetan %1,5 egin du gora batez besteko soldatak Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, eta %1,7 Nafarroan. Igoera horiek 1.973 eta 1.824 euroko batez besteko soldata gordinak utzi dituzte EAEn eta Nafarroan. Adeccok eman ditu datu horiek, INE Espainiako Estatistika Institutuarenak baliatuta, eta azpimarratu behar da kopuru horiek batez besteko soldata gordinari erreparatzen diotela, baina ez dutela aparteko soldata kontuan hartzen. Aldagai hori ariketara gehituz gero, kopuru erreala handiagoa izango litzateke.
Azken urtean gora egin arren, batez besteko soldatak erosteko ahalmena galdu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azken bi urteak kontuan hartuz gero: %1, hain zuzen. Urteko 251 euroko galera da hori. Nafarroan, aldiz, batez besteko soldatak erosteko ahalmena irabazi du: 199 euro, hain zuzen.
Soldatak bakarrik ez: beste hainbat aldagai ere aztertu ditu Adecco Groupek, eta, langabeziari begira, datu bat nabarmendu du Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez: lanik gabe daudenen artean %40,6 bi urte baino gehiago daude egoera horretan. Europako Batasuneko batezbestekoa %26,4koa da, eta Espainiako erkidegoen artean ere apenas dagoen lurralderik hori baino datu okerragoarekin.
Bestalde, txostenak berretsi du lan istripuak goraka doazela, lehendik ere jakina zenez. Nafarroan kokatu du batik bat igoera hori: joan den urtean baino %11,5 gehiago erregistratu dira aurten (83,8 istripu 10.000 langileko), eta, 2013arekin alderatuta, %51 gehiago izan dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin dute lan istripuek azken urtean(-%4,2), Adeccoren arabera betiere, baina 2013an baino %9 gehiago gertatzen dira orain.
Lan istripuen bide beretik doaz grebak ere. Nafarroan, ia bikoiztu egin dira lan gatazkak (%99 gehiago iaz baino), eta 100.000 enpresako 102,1 gatazka tan kokatu da kopurua; zenbaki hori 98,4 da Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeei dagokienez(+%22,8). Halere, azpimarratzekoa da lanuzteen kopurua nabarmen haziagatik asko txikitu dela greba egin duten langileen kopurua: Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban aurreko urtean baino %38,8 behargin gutxiago aritu dira lanuzteetan.
Soldaten erosteko ahalmena %1 jaitsi da azken bi urteetan
Adeccoren arabera, batez besteko soldata 1.973 eurokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 1.824 eurokoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu