Europako autobus eskaera handiena lortu du CAFek: 192 milioi euroko akordioa

250 Solaris autobus elektriko saldu dizkio ATM Milanori. Milango diesel autobus denak kentzeko xedea jarri du operadoreak 2030erako

Solaris etxeko Urbino autobusak. URLICH MACIEJ.
xabier martin
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
CAF konpainiak Poloniako Solaris autobus enpresa erosita, gero eta garbiagoa geratzen ari da bete-betean asmatu duela, autobus elektrikoen merkatuak duen oparoaldian iritsi baita. Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak Europan jokoan zen alorreko kontraturik handiena lortu du, Milango (Italia) ATM Milanok martxan jarri duena Lonbardiako hiriburuko autobus diesel guztiak kendu eta elektrikoak jartzeko. Euskal konpainiak ohar batean azaldu zuen, atzo, 192 milioi euroko kontratu handia adostu duela ATM Milano operadorearekin. 250 Solaris autobus elektrikoz hornituko ditu Italiako hiri finantzarioaren kaleetan ibiltzeko.

Kontratuak jaso du 40 autobuseko lehen sorta 2020ko ekainean ematen hasiko dela CAF. Proiektu horri esker, Solarisek autobus elektrikoen atalean «Europako lider gisa duen posizioa» sendotu du; hala dio euskal konpainiak. Izan ere, ATM Milanorekin egindako esparru akordioa Solarisek orain arte lortu duen handienetako bat da. Ez alferrik Europan ez zegoen gaur egun autobus elektrikoen lehiaketa handiagorik.

Italiako operadoreak 2030. urtea baino lehen diesel ibilgailuak kentzeko egindako apustu irmoak agerian utzi du, CAFen arabera, «Solarisen Urbino modelo elektrikoan dagoen konfiantza Europan». Milanek aukeratutako ibilgailua Urbino 12 elektrikoa da. Horixe da Solarisen produkturik ezagunena. Europako hamazazpi herrialdetako dozena bat hiritan ibiltzen da jadanik. «Horrek agerian uzten du garraio arloko agintariek ibilgailuan jarritako konfiantza», dio Beasaingo enpresak. Modelo horrek Bus of the Year 2017 saria jaso zuen.

Solarisen operazioa

Hamabi metroko Urbino elektrikoa Solaris High Energy motako bateriekin ekipatua dago, eta 240 kWh baino handiagoko gaitasuna dauka. Bateria horien energia elektrikoa pantografoarekin eta autobusen biltegian dagoen entxufe bidezko gailuarekin kargatzen da berriro.

Milanek 2014an ezagutu zituen estreinakoz Solaris etxekoautobusak; gaur egun marka horretako 150 autobusek —motor elektrikoa duten 25 autobus daude— eskaintzen dute zerbitzua Italiako iparraldeko hiri handi horretan.

2018ko irailean itxi zuen CAF Taldeak Solaris enpresa erosteko ituna. Poloniako autobus ekoizleak 450 milioi euro inguruko fakturazioa izan zuen 2018. urtearen itxieran, eta 1.226 ibilgailuz hornitu zituen. Horien artean, autobus konbentzionalak (diesel eta GNC) eta e-mobility lerroko ibilgailuak; horiek gero eta gehiago saltzen ari da. Solarisi esker, hiriko autobus jasangarrien segmentuan merkatuko liderretako bat bihurtu da CAF.

Autobus elektrikoaren merkatuan sendo ari da, era berean, beste euskal enpresa bat: Irizar. Ormaiztegiko (Gipuzkoa) kooperatibak kontratu sorta bat egin zuen ekainean. Irizarrek zero isuriko hogei ibilgailu elektriko saldu zituen Madrilen, eta beste hamahiru Gasteizen. Hain zuzen, CAFi gailendu zitzaion Gasteizko eskaeraren lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.