Asteburuan gertatutako sexu erasoak salatu dituzte Tolosan eta Barakaldon

Igandean emakume bat taldean bortxatu zuten Barakaldon, eta bi gizon espetxeratu dituzte. Astelehen goizaldean izan zen Tolosako erasoa

Dozenaka herritar elkartu ziren atzo arratsaldean Tolosan egin zuten protestan. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Asteburuan izandako sexu erasoak salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo arratsean Tolosan (Gipuzkoa) eta Barakaldon (Bizkaia), mugimendu feministak deituta. Babesa erakutsi zieten biktimei, eta autodefentsa feministara deitu zuten.

Dozenaka herritar elkartu ziren Barakaldoko Bide Onera plazan, Argitan talde feministaren deiari erantzunez. Ordezkari politiko batek baino gehiagok ere parte hartu zuen protestan, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiko foru diputatu Teresa Laespadak eta EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak.

Ertzaintzak eta Barakaldoko Udaltzaingoak 20 urteko gizon bat eta 23 urteko beste bat atxilotu zituzten igande arratsaldean; goizaldean emakume bat taldean bortxatzea egozten diete, eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea. Astelehenean epailearen aurretik igarota, espetxera bidali zituzten. Ikerketa zabalik dago oraindik, eta Ertzaintzak jakinarazi zuen beste bi lagun ere ikertzen ari dela.

«Autodefentsa feminista», «Emakumeen kontrako erasorik ez» eta antzeko oihuak egin zituzten atzo arratseko protestan taldekako bortxaketa salatzeko. Agiri bat ere irakurri zuten Argitan talde feministaren izenean: «Nazkatuta gaude. Eraso matxista oso larrien izurritea pairatzen ari gara». Dei egin zieten Barakaldoko herritarrei eraso guztiak sala ditzaten.

Tolosan, ikerketa zabalik

Tolosako Asanblada Feministak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, jende asko bildu zen Tolosan ere, iluntzean, Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean. Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari politikoek ere parte hartu zuten.

Astelehen goizaldean izan zen erasoa, «bide publikoan», Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gertatutakoa ikertzen ari direla erran dute; oraingoz, ez dute inor atxilotu.

Tolosako Asanblada Feministak erasoa salatu zuen. «Festaren erdian jakin dugu eraso matxista bat gertatu dela eta emakume bati bortizki eraso diotela. Gure babes osoa duzu, eta aurrean izango gaituzue», zabaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.