Koronabirusa

Bigarren egunez, 800 kasu baino gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

Osakidetzak jakinarazi du 9 urteko ume bat hil dela, birusa izanda. Positiboek gora egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, ez

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Kurba ez da lautu, eta are gutxiago era nabarmenean apaldu. Bigarren egunez jarraian, 800 kasuren langa gainditu du Hego Euskal Herriak: 855 kasu erregistratu zituzten herenegun osasun zerbitzuek, bezperan baino 29 gehiago. Nafarroan, duela bi eguneko muturreko datuen ondotik, nabarmen gutxitu dira kasuak 24 orduan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, hiruretan hazi da positiboen kopurua. Halaber, inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte Hegoaldean: 14.298 pertsonari egin diete testa.

Jaurlaritzak esan du 9 urteko haur bat hil dela birusarekin, baina ukatu du horren ondorioz izan denik. Halaber, egoiliar bat hil da Arabako zahar egoitza batean.

Lurraldeka, Nafarroan atzeman dute positibo gehien berriz ere: 337 lagunek eman dute positibo azken egunean. Kasuek goia jo zuten bezperan, lehen aldiz 400 positibo baino gehiago zenbatu baitzituzten. Azken datuen arabera, kopuruak behera egin du, baina gobernuak aitortu du egoera «kezkagarria» dela. Testen %9,7k eman dute positibo.

Gainerako lurraldeei dagokienez, 229 positibo detektatu dituzte Bizkaian, 182 Gipuzkoan eta 79 Araban. Hiruretan egin du gora positibo kopuruak, eta aipatzekoa da, batik bat, Bilboko kasuen ugaritzea: 85 kasu atzeman dituzte; bezperan, 46.

Bere horretan segitu dute egun bakarrean Hegoaldean egindako ospitaleratzeek: beste 51 lagun sartu dituzte erietxean. Halere, kontrako bi joera daude zifra horren atzean. Osakidetzak jakinarazi duenez, 43 lagun sartu dituzte haren ardurapeko ospitaleetan, eta, hortaz, aise gainditu du haren aurreko datua: asteartean 29 erietxeratu zituzten. Nafarroan, berriz, kopuruak nabarmen egin du behera: zortzi ospitaleratu dituzte, eta bezperan, 22. Guztira 500 lagun daude erietxean Hegoaldean; horietatik 76, ZIUn.

Bestalde, Jaurlaritzak emandako datuen arabera, azken egunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako kutsatuen %28 20 urtetik beherakoak dira. Halere, Eusko Jaurlaritzako arduradunek adierazi dute kutsatze horiek ez daudela, «segur aski», ikasturtearekin lotuta. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 350 ikasgela baino gehiago daude itxita —Nafarroak ez du Bigarren Hezkuntzako daturik ematen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.