Datorren urtean ere defizitaz eta zorraz ahazteko esan die Europako Batzordeak EBko estatu kideei. Asteburuan Financial Times egunkariari eskainitako elkarrizketan, Valdis Dombrovskis batzordeko lehendakariordeak iradoki zuen kontu publikoak kontrolpean izateko arauak ez direla berriro indarrean jarriko gutxienez 2022ra arte. Bruselaren baimenarekin, EBko kide guztiak gastu publikoa handituta ari dira aurre egiten koronabirusaren krisiak sortutako arazoei, eta orain gastu horiek murriztu nahi izateak egoera are gehiago okertuko lukeela uste du Bruselak.
Hainbat urtez ehuneko batek baldintzatu du estatu kideen diru politika: defizit publikoa gehienez %3koa izatea. Betetzeko kopuru zaila izan da hainbatentzat, tartean Espainia eta Frantzia. Espainiak muga hori gainditu zuen 2008tik 2017ra, eta azken bietan soilik lortu du behetik geratzea, ozta-ozta bada ere: %2,5 2018an, eta %2,8 iaz. Frantzia ez dago askoz hobeto: 2008-2016ko epean urtero gainditu zuen muga, eta 2019an %3an geratu zen, Emmanuel Macron presidenteak Jaka Horien mugimendua baretzeko gastu soziala handitu zuelako eta zerga emendatzeak bertan behera utzi zituelako.
%8,5eko defizita, oraingoz
Koronabirusaren krisiaren bat-batekotasunak eta gogortasunak,ordea, txiki utziko ditu azken urteetako defizitak, eta euroaren eremuan %8,5ekoa izango dela kalkulatu zuen Bruselak udaberrian —%10,1 Espainiarentzat, eta %9,9 Frantziarentzat—. 2021erako ere defizit handiak espero ditu: %3,5 eurogunean, %4,4 Frantzian eta %6,7 Espainian. Baliteke udazkenean kopuru horiek okertzea, eta agian orduan iragarriko du ofizialki EBk 2021ean ere ez diela defizitari eta zorrari asko erreparatuko.Udazkenean berrikusiko du egoera, «baina nahiko ziurra da» malgu jokatuko duela, «krisiak jarraitu egiten duelako, ziurgabetasunak jarraitzen duelako».
Are gehiago, ikusita konfinamenduaren amaierak COVID-19 kasuen ugaritzea ekarri duela, eta horiei aurre egiteko kontsumoa mugatzen duten hainbat neurri hartzen ari direla estatu kideak: maskarak derrigorrez erabili behar izatea, ostatuen irekiera orduak mugatzea, turisten joan-etorriak zailtzea, berrogeialdi partzialak ezartzea...
Uztailean, bere hazkunde iragarpenak txikitu zituen Bruselak. Eurogunean, 2020an BPGaren bilakaera puntu bat okertu zuen—-%7,7tik -%8,7ra—, eta bi hamarren txikitu zuen 2021eko errebotearen neurria —%6,3tik %6,1e-ra—. Ez da baztertu behar udazkenean aurreikuspen horiek gehiago okertzea, egin zituenetik, uztailaren 8tik, asko handitu baitira COVID-19aren kasu ofizialak praktikoki herrialde guztietan.
Financial Times-ek argitaratutako elkarrizketan, Dombrovskisek aitortu du iragarpen horiek pandemiaren nolabaiteko kontrolean zeudela oinarrituta. «Oraingo egoera ez da ziurra. ikusi beharko dugu egoera epidemiologikoa nola doan».
Halaber, esan du estatu kideen finantza egoera aztertzeko prozedurak aldatzeko prozesua aurrera doala, eta arau sinpleagoak nahi dituztela, krisi egoeretara egokituak.
2021ean ere Bruselak ez die eskatuko EBko kideei kontuak orekatzeko
Europako Batzordeak alde batera utzi ditu aurten defizit eta zor mugak, eta aukera eman die estatu kideei ahal beste gastatzeko eta zorpetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu