Orain arte ezagutu den ereduarekin azken Kilometroak jaialdia izango da aurtengoa: urriaren 6an egingo dute Gipuzkoako ikastolen festa, Zarautzen, Salbatore Mitxelena ikastetxeak antolatuta. Hurrengo urtetik aurrera beste formatu bat izango du jaiak: «42 urteotan ikasitakoarekin ekingo diogu etapa berriari», azaldu zuen atzo Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen elkarteko lehendakariak, aurtengo ekitaldiaren antolatzaileekin batera Donostian eginiko agerraldi batean.
Eredu berriari buruzko azalpen askorik ez zuten eman: «Zirkuituaren logika apurtuko da, gune tematikoagoak izango dira... eta Gipuzkoako ikastola guztien artean partekatuko da». Amasa-Villabonan eta Zizurkilen egingo dute datorren urteko Kilometroak, Zubimusu ikastola laguntzeko.
Aurten, Zarautzen, hiru gune prestatu dituzte. Eta Ni, Hi, Hura... ikastola mundura! leloari jarraituz, jarri diete izena bakoitzari. Ni izenekoa Malekoian egongo da, eta «hain gazte ez diren beti gazte horientzat» pentsatuta dago. Besteak beste, musika talde hauek arituko dira goizean: Skasti, Pottors eta Klito eta Optika; eta arratsaldean, Joseba Irazoki.
Hi gunea ikastolan egongo da, batik bat haur eta familientzat pentsatuta dago. Eta Hura gunea Mollarrin kokatu dute; han, Sonakay, Ene Bada, Ane Guria, Mac Onak eta Bad Sound arituko dira. Beti bezala, gune guztietan egongo da jan-edana, eta baita kale animazioa ere, txaranga, batukada eta abarrekin.
«Denentzako jaia»
7,7 kilometro izango ditu ibilbideak. «Denok egiteko moduko zirkuitua izango da», nabarmendu zuen atzo Nerea Altxuk, ekitaldiaren koordinatzaileak. Jaia prestatzean, arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenak kontuan izan dituztela gogoratu zuen: besteak beste, DYAren laguntza jasoko dute Mollarriko gunera igotzeko.
Horrekin lotuta ere, egitaraua prestatzeko kontuan hartu dituzten irizpideak azpimarratu zituzten antolatzaileek: «Feminista, inklusiboa, prebentiboa eta jasangarria izango da jaia». Besteak beste, ibilbidean puntu moreak jarriko dituzte, eta eraso sexistei aurre egiteko protokolo bat izango dute. Salbatore Mitxelenako zuzendari Belen Muruak, berriz, azaldu zuen «pedagogia aurrerakoien ildoan» egon dela beti ikastolen sarea, eta behar horiei lotuta berritu nahi dutela Zarauzko eraikina: jaian lortutako dirua horretara bideratuko dute.
[youtube]https://youtu.be/QAOLEDsJ86E[/youtube]