Zaldibarko zabortegia egonkorra ote den aztertuko du Jaurlaritzak

Tapiaren arabera, enpresak muzin egin die bere betebeharrei. Oposizioak Jaurlaritzari eskatu dio «azkar ekiteko presazko lanei»

Elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen, zabortegia berriro amiltzeko «arriskuaz» ohartarazteko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) egonkortasunari buruzko ikerketa bat egiteko lana. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak azaldu duenez, administrazioak ikuskapen tekniko bat egin du 2020ko otsailean amildu zen zabortegian, eta egiaztatu du orain konkurtso administratzailearen bidez ordezkatuta dagoen Verter enpresak ez dituela bete administrazioak egindako errekerimenduak: «Zabortegiaren kontrol, mantentze eta jarraipen lanak ez ditu titularrak behar bezala egin, ziurgabetasun egoera bat sortu du, eta azpiegituraren baldintzak nabarmen okertu dira».

Hori ikusita, Jaurlaritzak erabaki du azterketa berak egitea: «Enpresak egonkortasunari buruzko azterlanik aurkeztu ez duenez, Eusko Jaurlaritzak berriro hartuko du bere gain zabortegiaren titularraren erantzukizuna, eta hondakinaren egonkortasunari buruzko azterketa egingo du lehenbailehen». Horren bidez jakingo du zer-nolakoa den zabortegiaren benetako egoera, eta, behar izanez gero, esku hartu ahal izango du «instalazioaren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatzeko».

Jaurlaritzak lan hori bere gain hartuko badu ere, haren asmoa da horren kostua gero enpresari ordainaraztea. Horrez gain, administrazioaren errekerimenduak behin eta berriz ez betetzeak «dagozkion isun espedienteak martxan ipintzea» ekarriko duela ohartarazi du Tapiak.

Oposizioaren kritikak

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eraman du gaia, eta hondakindegian detektatutako «arazo larriak» salatu ditu. Elkarrekin Podemos-IUrekin adostutako testu batean, bi taldeek Jaurlaritzari eskatu diote ekin diezaiela lehenbailehen «presazkoak diren lanei», segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatzeko.

EH Bilduko Mikel Oterok esan du zabortegiaren egoera «azkar» kaskartu dela, berriki egindako ikerketa batek erakutsi duenez, eta «presazkoa» dela hondakindegia estaltzea eta zigilatze lanei ekitea: «Euria eginez gero, ura arrakaletatik filtratuko da, eta amiltze arriskua areagotu. Uda honetan ezin gara eguraldiaren menpe egon».

EP-IUko Miren Gorrotxategik ere «kezka» azaldu du: «Jaurlaritzak enpresari zerbait egiteko eskatzen dion bitartean, denbora aurrera doa, eta hondakindegia desegonkortzeko arriskua handitzen ari da».

Atzera bota dute EH Bilduk eta EP-IUk aurkeztutako proposamena, eta horren ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako beste bat onartu da. Proposamen horretan, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio jarrai dezala Verter enpresari errekerimenduak egiten, eta horiek beteko ez balitu abian jar ditzala «beharrezkoak diren zigor espedienteak», egoera horri amaiera emate aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.