Koronabirusa

Txibitek eskatu du «zuhurtziari» eusteko, neurriak baliogabetuta ere

Nafarroako presidenteak esan du birusarekin «bizi» beharra dagoela. Zupiriak uste du «hildakoen olatua» amaierara hurbiltzen ari dela

Maria Txibite Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bezperan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nola, atzo baliorik gabe geratu ziren NafarroanCOVID-19aren hedapena eragozteko neurri murriztaile ia guztiak. Hala ere, «zuhurtziaz» jokatzeko deia egin zuen Maria Txibite Nafarroako presidenteak, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. Horixe da, haren ustez, «mezuetan onena», oraindik ere birusarekin «bizi» beharra baitago: «Barnealdeetan maskara erabiltzen jarraitu behar dugu, distantzia mantentzen, higienea zaintzen». Dena den, egungo egoerak modua ematen du hori guztia «ikuspegi baikor» bat izanez egiteko, haren irudiko.

Pandemiaren bilakaeraren inguruko azken datuen inguruan, Txibitek nabarmendu zuen intzidentzia tasa metatua eta ospitaleetako tentsioa apaldu egin direla, eta, hein batean, «bizitza soziala berreskuratzen» ari dela. Hori da, haren arabera, «gehien behar genuena». Erantsi zuen ikastetxeetako neurriak ere malgutu dituztela, eta haurrek «asko eskertu» dutela.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere hitz egin zuen pandemiaz, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. Bezperan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esandakoen bide beretik, pandemiaren adierazle ia denek «beheranzko joera» dutela azpimarratu zuen, eta datozen zazpi egunetarako aurreikuspenen arabera hala eutsiko diotela. Ospitaleetako egoeraz, esan zuen azken egunetan gehiago izan direla sendagiria hartu dutenak COVID-19ak jota erietxeratu behar izan dutenak baino, eta gutxiago direla, halaber, zaintza intentsiboetako unitateetan daudenak.

Heriotza kopuruan izandako gorakada, berriz, «gaixotasunaren datu estatistikoak eta intzidentzia aztertzen dituztenek» arrazoitu behar luketela esan du. Dena den, sailburuak uste du «hildakoen olatua amaierara hurbiltzen» ari dela, izurriak aurreko olatuetako bilakaera bera hartzen badu, betiere. Azken astean, gorakada izan da hildako kopuruan: 128 zenbatu dira, aurrekoan baino 35 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.