Egiari Zor fundazioak azken hamar egunetan Espainiako Estatuaren biktimek jasan dituzten «irainak eta umiliazioak» salatu zituen atzo, Donostian. Fundazioak, gainera, biktimen «sufrimenduaren erantzule» izandakoei eskatu zien egindako kaltea aitortzeko.
Pilar Garaialde estatu terrorismoak hildako Pablo Garaialderen alaba eta Egiari Zor fundazioko kideak adierazi zuenez, azken astean «estatu terrorismoaren gorespen eta apologia adierazpen esplizituak» jasan behar izan dituzte, zenbait ekintzen eta adierazpenen bitartez.
Besteak beste, iragan astean «filtratu zen» estatuko goi kargudunen elkarrizketa aipatu zuen agerraldian. Hartan esaten zenez, «Felipe Gonzalezen gobernuko Barne Ministerioa izan zen Herri Batasunaren jarraitzaileen aurka bonba-gutunak bidaltzearen erantzulea». Rafael Vera Felipe Gonzalezen gobernuko Segurtasunerako estatu idazkaria izandakoak «enegarrenez» goratu du estatu terrorismoa,Garaialderen arabera; Barne Ministerioak domina bat eman dio 1994an giza eskubideak «bortxatzeagatik» kondenatutako polizia bati; Ramon Jauregi PSOEko kidea «beste behin» saiatu da GALen inguruko «erantzukizun politikotik salbuesten», eta Jose Manuel Villarejo komisarioak gerra zikina defendatu eta «goraipatu» du Espainiako Kongresuan, batzorde batean.
Kudeaketa emozionala
Egiari Zor-en arabera, gertakari horiek guztiak, emozionalki kudeatzeko «zailak» izateaz gain, «ulertezinak» dira ikuspegi etikotik. Fundazioak adierazi zuenez, «guztiz lotsagarria» eta «hipokrita» izan da «sektore politikoak eta instituzionalak» izan duten jarrera, adierazpen horiek entzunda «mutu» geratu baitira. Etika politikoaren «eliteen» isiltasunak «guztiz umiliatu» ditu Egiari Zor fundazioko kideak, eta Garaialderen arabera, «ikuspegi etiko, politiko eta gizatiarretik onartezina» da «herri honetako gehiengo politiko eta instituzionalaren hipokrisia»: «Ez dute inolako interesik beste batzuek eman dituzten pausoak emateko».
Garaialderen arabera, «hamarkada asko» daramatzate egin zieten «kaltea aitortzeko zain». Fundazioak nabarmendu zuen haien minaren erantzuleak asko direla: «sigla politikoak, izen-abizenak eta kolore askotako uniformeak» dituzte; baina guztiek dute «inpunitate bera». Egiari Zor-ek zehaztu zuenez, Espainiako Estatuaren biktimek jasandako sufrimenduaren erantzuleak dira, hain zuzen ere, «estatu estrategia» jakin baten alde egin zutenak: «Diktadura militarraren oinordekoak zarete, erreforma odoltsuarenak, estatu terrorismoaren erantzuleak, ZEN planarenak, tortura sistematikoarenak eta bertsio ofizialenak, espetxe politikaren arkitektoak», adierazi zuen Garaialdek.
Adierazi zuen estatuaren biktimak eta haien senideak zain daudela, haien minaren erantzuleak «gai» izan daitezen ustez duten «nagusitasun etikoak» dakarren «eskakizun maila» betetzeko. Eta zera gaineratu zuen agerraldian atzo: «Zain gaude ea noizbait gai zareten besteek eman dituzten pausoak emateko, eta emateko prest zaudetena exijitzeko».
Elkarbizitza helburu
Eusko Jaurlaritzari, eta bereziki, Iñigo Urkullu lehendakariari ere zuzendu zitzaion Egiari Zor fundazioa atzoko agerraldian. Izan ere, ETAk jardun armatua eten zueneko hamargarren urteurrenaren harira, lehendakariak esan zuen bizikidetza «erronka etiko» bat zela. Hori horrela, Egiari Zor-ek jakin nahi izan zuen ea Urkullu non dagoen Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimei «zuzenean» eraso egiten dietenean.
Garaialdek nabarmendu zuenez, «batzuek defendatzen duten» elkarbizitza ereduak ezin ditu «saihestu» Espainiako Estatuaren indarkeriatik eratorritako erantzukizunak, eta, halaber, gaineratu zuen esparru demokratiko batean sinetsiz gero ezin dela alde batera utzi oraindik «konpontzeke dagoen gatazka politiko bat».
Mina aitortzeko eskatu dute estatuaren biktimek
Egiari Zor fundazioaren arabera, azken asteetan «estatu terrorismoaren gorespen eta apologia adierazpen esplizituak» jasan dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu