Miguel Angel Llamas. Kazetaria

«Agerian geratzen da teknika oso landua zeukatela»

MIKELZABALZA.EUS.
jon olano
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Miguel Angel Llamas Pitu eta Amaia Merino dira Non dago Mikel? dokumentalaren egileak; Llamas (Noain, Nafarroa, 1980) harrituta mintzo da grabazioaren edukiaz eta oihartzunaz.

Nola iritsi zarete grabaziora?

Ikerketa egiten ari ginenean topatu genuen. Bagenekien existitzen zela, sumarioan agertzen delako, baina euskal gizarteak ez zuen entzuna. Itzela iruditu zitzaigun, ez baita gauza bera transkribatua irakurtzea edo entzutea.

Grabazioak berak askoz hedapen handiagoa ematen dio.

Bereziki, torturatzaile bat entzutea azaltzen nola egiten zuten poltsarena, beraiek zer helburu zuten. Ematen du nolabait torturatuarekin enpatizatzen duela... Tonu arraro horrek harritu ninduen.

Poltsak nolakoa izan behar duen, atxilotuari zer sentiarazi behar zaion…

Hori ondorioztatu daiteke; ez dela bati burutik pasatzen zaion zerbait, bazutela teknika oso landu bat, eta bazekitela zergatik egin behar zen modu batean eta ez bestean. Hori guztia oso ongi ikertua zuten, eta hori agerian geratzen da.

Grabazioa ez duzue sartu dokumentalean. Zergatik?

Hogei egun haietan gertatu zenean zentratu gara gu; hori da pelikula honen muina. Ez dugu sartu audioa, ezta nola manipulatu zituzten ere autopsiaren frogak. Gauza asko ez ditugu kontatu.

Hala ere, uste duzue garrantzitsua dela audioa ezagutaraztea.

Bere garaian, pelikularen nondik norakoak erabaki genituenean, konturatu ginen %80-90 kanpoan geratzen zela; gai, pertsonaia, lekuko asko... Eta erabaki genuen Galdutako objektuak websaila egitea. Biharkoa [gaurkoa] zazpigarren atala da; pixkanaka, plazaratuz goaz grabatzea eta lortzea asko kostatu zaiguna baina dokumentalean sartu ezin dena.

Soka politikoa eragin du; izan dezake juridikoki?

Ez dakit, froga hau bere garaian baztertu egin baitzen. Baina uste dugu eragina izanen duela; Espainiako demokraziaren zutabeak zalantzan dauden garai batean gaude, eta horrek ere laguntzen du. Pentsatzen dugu izan daitezkeela ondorio gehiago. Ziur gaude honek lagunduko duela Mikel Zabalzaren gisako biktimen aitortzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.