Koronabirusa

Bildarratzek ziurtatu du hitz egitea eskaini diela hezkuntza eragileei

Sailburuak uste du grebak ez duela ekarpenik egingo. Soraluzeko institutua itxi dute, baita beste eskola batzuetako ikasleak bakartu ere

Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Hezkuntza eragileekin bildu zen ostegunean Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria, eta horren inguruko iritzia eman zuen atzo, bere lehen prentsaurrekoan.

Bildarratzen hitzetan, kargua hartu zuenetik nabarmendu du hezkuntza komunitatearekin eduki beharreko harremanaren balioa. «Egoera honetatik guztiok elkarrekin aterako gara aurrera».

Bildarratzek ez du begi onez ikusten hilaren 15erako sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzarako egindako greba deialdia. «Zer eransten dio greba honek hezkuntza sistemari? Uste dut ez diola ekarpenik egiten». Berak, berriz, sindikatuei elkarrizketa eskaini diela esan du: «Elkarrizketaz hitz egiten dudanean, mahai gainean jarri ditugun zenbait konpromiso edukiz betetzeaz ari naiz: adibidez, mila profesionalen kontratazioaz, jantoki zerbitzua bermatzeaz eta 87,2 milioi euroko ekarpena kudeatzeaz». Jantokietako protokoloa aldatu dutela esan zuen, beste leku batzuk eta langileak egokitzeko. «Kasua bada begirale gehiago kontratatzea esan nahi luke».

Kristau Eskolak ere sindikatuei eskatu die Hezkuntza Sailarekin hitz egiten jarraitzeko.

Atzo Gorka Urtaran Eudeleko presidentearekin bildu zen Bildarratz. Erabaki zuten Hezkuntza Sailak eta udalek kudeatuko dutela udal espazioak eskura jartzea,ikastetxeek une jakin batzuetan izan ditzaketen beharrak aztertuz.

Itxierek ez dute etenik

Bildarratzek berak ziurtatu zuen dagoeneko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 ikastetxe ingurutan eragina izan duela COVID-19ak, eta lau itxi dituztela.

Soraluzeko (Gipuzkoa) bigarren hezkuntzako institutua da itxi behar izan dituztenetako bat. Atzo iragarri zutenez, irakasle bati koronabirusa atzeman diotelako hartu zuten erabakia. Positibo eman duen irakaslearen gertuko kontaktuei PCR testa egingo diete, eta emaitza horiek jakin ondotik erabakiko dute zer egin.

Ikastetxea osorik itxi ez, baina zenbait ikasgela bakartu dituzte hainbat lekutan. Nafarroako Gobernuak esan zuen beste 286 ikasle bakartu behar izan dituztela 11 ikastetxetan. Hain zuzen ere,Iruñean, Allon, Azagran, San Adrianen, Ribaforadan, Tafallan, Barañainen eta Alesbesen. Ikasgelak bakartu behar izan zituzten, besteak beste, Barakaldon (Bizkaia) eta Bilbon ere, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.