Naturaltasunez ekin diote. Datorren igandean, lehen aldiz, hiru emakumezko ezpata dantzarik helduko diote Lesakako (Nafarroa) sanferminetako tradizio ezagunenari, zubigainekoa dantzatuz. Hiru urte eman dituzte entseguetan parte hartzen, baina aurtengo festen egun handian ofizialduko dute berdintasunaren aldeko urratsa.
Zubi gainean dantzatzeko, ohiko prozedurari eutsi diote ezpata dantzari gazteek: 18 urte ingururekin hasten dira entseguetara joaten, eta, ezpata dantzari beterano batek erabakitzen duenean bere postua uztea, entseguetan denbora luzeena daraman dantzari gazteak betetzen du hutsune hori.
Aurten, zehazki, bost ezpata dantzarik erretiroa hartu dute, eta horrek bide eman die beste horrenbeste dantzariri jendaurrean estreinakoz dantzatzeko. Ekainean hasi ziren elkartzen, taldea antolatzen eta aurtengo sanferminetako dantzaldia prestatzen, baina dantzari berriek hiru urte daramatzate jada taldearen entseguetan parte hartzen. Orain heldu zaie aukera.
Guztira, hamabost ezpata dantzari izanen dira Onin ibaiaren ertzetan arituko direnak. Unai Gurrutxaga, Igor Gurrutxaga, Fernando Etxegarai, Martin Etxegarai, Mikel Arriola, Andoni Arriola, Xabier Arriola, Bittor Etxabide, Jon Erro, Alaitz Etxabide, Maddi Taberna, Mikel Maia, Xuban Larretxea, Fred Ramos eta Leire Pastor izanen dira aurtengoak. Dantza taldeko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, dantzari berri guztiek, gizonezko nahiz emakumezko, «naturaltasun osoz» egin dute zubi gainean dantzatzeko urratsa. Berdintasunaren bideak atzerakorik ez duela frogatuko dute.
Egun handia, igandean
Uztailaren 6an abiatuko dira sanferminak Lesakan —nahiz eta txosnetako egitarau alternatiboak bihar duen lehen eguna—; edonola ere, festen egun handia igandekoa izanen da. Dantzariek 08:00etan ekinen diote egun osoko lanari: goizean, gurutzeak eginez ibiliko dira prozesioan. Horren ostean, zeharkakoa dantzatuko dute, plazan, eta zubigainekoa, erreka ertzean.
XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake itunaren oroigarria da zubigaineko dantza. Hori dantzatu ostean, eta dantzariak zubi gainean dauden bitartean, bandera airean ibiltzen dute. Gero, dantza bera eskaintzen dute plaza zaharrean, ikurra udaletxera eraman aurretik. Arratsaldean, ostera, beste dantza batzuk egingo dituzte: zantzo-monona, esku dantza, aurreskua, jota eta arin-arina, besteak beste.
[youtube]https://youtu.be/_i7CWefi9bs[/youtube]
Zubi gainean, berdintasunez
Aurten, lehen aldiz, hiru emakumezkok dantzatuko dute zubigainekoa Lesakako sanferminetan. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu