Krisi ekosozialari begira (I). Mugimendu ekologista.

Sistemaren kontraesanak, ageriago

Agenda politikoaren lehen lerroa hartu dute aurten klima eta energia krisiek. Jauzi hori eta haren ondorioz azaleratutako debateak aztertuko ditu asteon BERRIAk, erreportaje sorta baten bidez.

Aitziber Sarobe eta Iñaki Barcena, Bilbon, Zorrotzaurren, BERRIArekin egindako hitzorduan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Mugimendu ekologistak eta zientziak hamarkadetan ohartarazitako klima eta energia krisia Europako herritarren begien aurrean mamitu da aurten. COVID-19ak eragindako izurriaren ostean, Ukrainako gerraren ondorioz auzitan jarritako gas hornidurak, lehengai askoren faltak eta argindarraren prezio igoerak agenda politikoaren lehen lerrora ekarri du trantsizio energetikoaren premia, eta udako beroaldiek eta haien ondoriozko lehorteek eta suteek gogora ekarri dute planetaren berotzea errealitate bat dela jada. «Sistema kapitalista neoliberalaren kontraesanak are ageriago» utzi ditu 2022ak, Aitziber Sarobe eta Iñaki Barcena ekintzaile ekologisten iritziz, baina horren inguruko debateetan «zarata gehiegi» dagoela deitoratu dute: «Ekologistoi egozten digute, baina korporazioek eta instituzioek eraiki dute; gu aspalditik ari gara alternatibak planteatzen, eremu guztietan».

Ikusi gehiago:Krisi ekosozialari begira (II). Gazteak. Gazteak: berdera bidean giltzarri

Bilbon elkartu ditu BERRIAk Sarobe eta Barcena, amaitzear den urteaz gogoetatzera. Esnatze bat gertatu dela uste du Barcenak: «Bizkortze bat sumatu dugu, bai». EHUren Ekopol ikerketa taldeko koordinatzailea da, eta Ekologistak Martxan taldeko kidea. Bi talaia horietatik eginiko lanak ikuspegi panoramikoa eman dio: «Azken hamarkadetan, aliantza esanguratsu bat gertatu da zientziaren eta ekologismoaren artean, eta balio izan du mahai gainean jartzeko datuak, ebidentziak, analisi kritiko sakonak, hainbat gairen inguruan. Eta hortik berpizte bat etorri da». Hala, ingurumen gaiei buruz gero eta eztabaida gehiago nabari ditu: «Prozesu mantsoa izan da, baina indar hori biderkatu egin da, hainbat auzirengatik: pandemia, Zaldibarko hondamendia...».

Saroberen aburuz, ordea, esnatze hori azken hamar urteetan gertatu da, bere inguruan behintzat. Biologoa eta natur kontserbazionista da, Naturkoneko kidea, eta argi utzi du «Gipuzkoako ikuspegitik» mintzatu dela. Bi mugarri antzeman ditu: «Bat, aldundia Bilduk hartu zuenean, hondakinen atez ateko bilketaren promesarekin; gizarte esnatze bat izan zen, kontsumoaren eraginen bueltan, eta herriz herri sortzen hasi ziren hondakinak gutxitzeko planteamenduak, alternatiba errealak jartzen. Eta bi, basoetako ingurumen krisia. Gure paisaiaren %60 gaixo dago, baina ezin izan dugu gaia gizarteratu harik eta pandemia iritsi eta herritarrak landa eremura paseatzera etorri diren arte». Bi auzi horiek giltzarritzat jo ditu, ekologismo berriak sortu dituztelako: «Lehenengoak, ekologismo natural bat, herritarrena, elkarteetatik kanpo ere konturatu zirelako bere bizimoduak zer ondorio dituen; eta bigarrenak, ekologismo naturalista bat, basoak leheneratzeko talde indartsuak ekarri dituena».

Estereotipo gogorrak

Mugimendu ekologista osasuntsu ikusten dute biek, baina Sarobek uste du «erresistentzia etengabean» dagoela: «Basoak leheneratzeko lan potentea egiten hasten zara... eta halako batean haize errotak datozkizu». Eta hori traba da eztabaida sakonak izateko. «Gainera, badago ekologisten inguruko estereotipazio oso gogor bat: denari ezetz esaten diogula, patxi-kontra garela...». Aspaldiko kontua dela esan du Barcenak: «Askotan esan digute guk elikatzen ditugula NIMBYak [ingelesez, not in my back yard: ez nire etxe atzeko patioan], egoismo lokalistak, eta guk beti diogu azpiegitura batzuk ez ditugula nahi, ez hemen ez inon. Muskizko herritarrak berekoiak al dira ez dutelako nahi Petronor? Ez al dute osasunerako eskubiderik?».

Diskurtso «faltsuak» direla azpimarratu du Sarobek, eta ekologisten gaineko estereotipo horien helburua dela sistemaren beraren kontraesanak ezkutatzea. Gogora ekarri du Euskal Herriaren aztarna ekologikoa bi planeta eta erdikoa dela, baina hori kontuan hartu gabe dihardutela erakunde publikoek: «Behartuta daude gure herriaren eskalaren araberako planeamenduak eta planteamenduak egitera, legeek eta Europak hala diotelako, bakoitzak bere lurraldean baldintza batzuk errespeta ditzan. Baina egiaz darabilten eskala, haien egiturena eta gure bizimoduarena, ez da gure herriaren mailakoa, baizik eta askoz handiagoa».

Abagune horretan, normaltzat jo du ekologistek instituzioen proiektuei aurka egitea: «Ekologiston eta agintean daudenen eskalak ez dira berdinak, baina nor ari da tranpan? Gu zintzoak gara diskurtsoan: esaten ari gara gure eskalara jaisteko kontsumoa murriztu behar dugula, eta sistema bere osotasunean aldatu; aldiz, agintariek diote 'garapen jasangarriaren planteamenduan' gaudela. Kontraesan handia da, eta guri leporatzen digute, baina haiena da: errealitatea jasotzen duten txosten zoragarriak egiten dituzte, eta, gero, politikak horren bizkar gauzatzen dituzte». Eta ez da soilik Euskal Herrian gertatzen: «Europa ere talkan sartu da: trantsizio energetikoari buruzko legedia ez da bateragarria natur kontserbazioari buruzkoarekin».

Ikusi gehiago:Energia berriztagarriak: non eta nola?

Hala berretsi du Barcenak: «Are gehiago, guk behin eta berriro eskatu duguna da haiek jarritako arauak errespeta ditzatela». Ados agertu da Saroberen argudioekin, eta gaineratu du Euskal Herriak «mendekotasun handiak» dituela, besteak beste elikaduran eta energian. «Baina ez dituzte mugak onartu nahi. Estatuek argi ikusten dituzte muga geografikoak edo soziopolitikoak, baina muga ekologikoak non daude?». Bide horretan, AHT abiadura handiko trenaren inguruko eztabaida batean gertatutakoa oroitu du: «Euskal Herriko politikari batek aspaldi esan zuen: 'Zergatik ezin dut goizean Gasteizen jaiki, Bilbon bazkaldu, eta afalorduan Parisen operara joan?'. Buruzagi politikoek lagundu dute iruditeria hori sortzen, merkatu askatasunean oinarrituta. Baina non daude naturaren mugak hor?».

Mugak gaindituta

Izan ere, biek nabarmendu dute behin baino gehiagotan: «Planetaren mugak gainditu ditugu jada». Sarobe: «Aurreikuspenik txarrenak bete dira. Eta sistemaren mugak ez zituzten ekologistek neurtu, baizik eta ekonomistek». Barcena: «Hau nahitaez dator. Beraz, desazkunderako eta trantsizio sozioekologikorako politikak modu demokratiko, ordenatu eta bidezko batean antolatu behar ditugu; bestela, modu kaotikoan etorriko dira. Eta horrek esan nahi du arauak ezin dituela merkatu libreak markatu».

Bide horretan, teknologian ez dute aterabiderik ikusten. «Konponbidearen parte bat da. Teknologia berriak behar ditugu, malguak, baina aldaketa hori baino konplexuagoa da. Miraririk ez da etorriko hortik», dio Barcenak. Adibide gisa jarri du orain bi aste fusio nuklearraren inguruan AEBetatik heldutako albistea, eta hortik energia iturri «garbia eta agorrezina» lor daitekeela adierazi izana. «Zientzialariek eurek esan dute horren aplikazioak ez duela inolako biderik eta ez duela izango».

Eta edukita ere, desiragarria al da bide hori jorratzea? Ezetz erantzun du irmo Sarobek. Batetik, egungo krisia ez delako soilik energetikoa, baizik eta materialena ere bai: «Berriro promesa bat eraiki dute, teknologiak salbatuko gaituela, baina falazia bat da. Teknologia guztiek behar dituzte baliabide materialak, eta sortzen dituzte ziklo naturalek bideratu ezin dituzten hondakinak». Eta bestetik, halako teknologia batek kontsumoa biderkatuko eta azkartuko lukeelako, erregai fosilek egin duten moduan: «Petrolioak ekarri du gure planeta xahutzea esponentzialki, historian ezagutu den abiadura handienean: kontsumo maila honek azkarregi ustiatzen du gure inguru naturala. Oso urruti daude, baina lortuko balute fusio bidez energia eskuratzea, azpiegitura publikoen bidez kudeatu arren, planeta amaituko genuke ziztu bizian, belaunaldi bakarrean».

Eta justu kontrako norabidean ikusten dute Sarobek eta Barcenak irtenbidea: desazkundean. Baina, eztabaida horretan, greenwashing edo garbiketa berdeaz ohartarazi dute. «Zer ez da eko orain?», galdetu du Sarobek. «Berdea balio unibertsala da egun, naturarekiko errespetuarekin lotuta, baina hori neurtu egin behar da, publizitate hutsean gera ez dadin. Eta errealitatera joanez gero, ikusiko dugu ingurumena gero eta kaltetuago dagoela», adierazi du Barcenak.

Auzia osorik aztertzera deitu du Ekologistak Martxan-eko kideak: «Gizartea oso konplexua da, eta puzzleak pieza asko ditu: energia, elikadura, garraioa... Trantsizio energetikoa egitean, pentsatu behar dugu egungo energia kontsumoa ezin dela mantendu eta egokitze prozesuak behar ditugula. Adibidez, garraioaren arloan, gutxiago mugituko gara, bai pertsonak, bai merkantziak».

Halako mezuak, ordea, zailak dira gizarteratzen, eta agintariak ez dira inork entzun nahi ez dituen albisteak eman zaleak. «Diskurtso ekologista kritikoek eta desazkundeari lotuek ez dute botorik ematen», deitoratu du Barcenak. Sarobe ez dago hain seguru: «Atez ateko zabor bilketaren promesarekin iritsi zen alderdi politiko bat boterera». Dena den, arreta beste eskala batean jartzearen alde agertu da Naturkoneko kidea: «Igual ez dugu oporretatik eta hegazkinetatik hasi behar; hori, guk esan gabe ere, egoera ekonomikoak ekarriko du. Gehiago kezkatzen nau gure lurralde txiki honetan milaka pertsona mugitzeak autoen parkea murriztuta. Hau da, hasi behar dugu berrantolatzen tokiko garraio publikoa, eskala txikitik, hor mugitzen baikara egunero, pentsatuz nondik nora mugituko garen, nola, eta zer helbururekin».

«Traumarik gabe»

Hizkuntza ere egokitzeaz mintzatu da: «Ez da gutxiago mugitzea, baizik eta beste era batera». Eta, ildo horretan, desazkundeari buruz bestelako diskurtsoak eraikitzeaz: «Niretzat aukera bat da, eta uste dut hala esan behar dela. Ematen du desazkundeak infernura eramango gaituela, baina hori faltsua da: hor edukiko dugu gizarte komunitario berriak irudikatzeko aukera».

Izan ere, trantsizioa eta egokitzapenak «traumarik gabe» egin daitezkeela sinetsita daude biak ala biak. Are, ariketa hori jolas bihurtu nahi luke Sarobek: «Badakigu gure gizartea ezin dela oinarritu kontsumo konpultsibo eta ero honetan; beraz, pentsatu eta asmatu behar dugu nola izan orain baino zoriontsuago bestelako bizimodu batekin, eta hori bideratu ekonomia baterantz. Pertsonoi denbora gehiago eskainiz, eta ez gauzei, erosteari. Lurrak berreskuratuz, nekazaritza politika herriko plazetan oinarrituz, gure artean elkartuz. Nik hor ez dut tragediarik ikusten». Ezkerreko alderdi politikoei mintzatu zaie, ez duelako uste haien alternatiba «ekologismoan sustraitzen» denik: «Ez dut ulertzen zergatik ezkerrak ez duen iruditeria berri hori eraikitzen. Hondakinekin gai izan ginen planteamendu berriak era positiboan egiteko».

Patxi-kontra estereotipoen gainetik, mugimendu ekologistak eginak baititu proposamen ugari. Sarobe: «Ekologismoa oso proaktiboa da, sortzailea eta alaia. Beti gabiltza planteamendu sozial, ekologiko eta komunitario horiei begirako ekarpenak egiten». Barcena: «Txip kultural berri baterantz jo behar dugu. Politikarien eta enpresen epe laburreko ikuspegiak garamatza pentsatzera ezin dela aldatu, baina aldatu beharra dago, prozesua pairamen bezala ulertu gabe. Zer utziko diegu gure ondorengoei? Iruditeria horiek eraikitzen ari gara ekologismoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.