ATZEKOZ AURRERA

Badaezpada, erosi eta gorde

Koronabirusa astelehenean heldu zen Italiara. Europan hedatu izanak alarma gorria piztu du gizartean. Herritarrak maskarak erosten hasi dira masan, eta farmazietan agortu egin dira.

Mendiaraz farmazian amaitu egin zaizkie maskarak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Donostia
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Gutxienez hiru pertsonari esan diet gaur agortuta daudela». Donostiako Legazpi kalean dagoen Mokoroa farmazian lanean dihardu Ibon Mokoroa botikariak. Botikako salmahaian pausatuta, harrituta mintzatu da azken astean bizitzen ari den egoeraz. Saldoan etorri zaizkio herritarrak maskara eta gel garbitzaile bila. «Astelehenean hasi zen dena, birusa Italian atzeman zutenean». Koronabirusari egin dio erreferentzia Mokoroak; hau da, iazko abenduan Txinan agertu zen birus berriari. Euskal Herrian oraingoz aztertu dituzten kasuek positibo eman ez duten arren, asko joan dira farmazietara maskararen eta eskuak garbitzeko gelaren eskean. Kutsakorra eta ezezaguna izanda, herritarrak neurriak hartzen hasi dira. Mokoroa botikan, maskara eta gel guztiak amaitu zaizkie, eta gehiagoren zain daude.

Astelehen goizean bertan saldu zituen Mokoroak eskuragarri zituen ehun maskarak. Segituan gehiago eskatu, eta ostegun arratsaldean saldu zituen beste 150. Atzo goizean ez zuen bat ere eskuragarri farmazian:«Egunero begiratzen dut banatzaileak maskararik duen, eta, zerbait baldin badute, eskatu egiten dut», azaldu du Mokoroak. Eskariak gaina hartu dio eskaintzari, nabarmen. «Izua hedatu da; birusa berria da, eta, ez dugunez ezagutzen, masan etorri dira herritarrak maskarak erostera». Botikariak uste du «artalde» jokaera dela; kezka kutsatzen da gaixotasuna baino azkarrago. Oro har, gainera, prebentzio neurri gisa erosten da produktua; etor daitekeenari aurrea hartzen saiatzen ari dira herritarrak. «Baliagarriak ez direla jakinda ere, eduki nahi dute, badaezpada», esan du Mokoroak.

Egoera parekoa da Egia auzoko Mendiaraz farmazian. Aste honetan nabaritu du eskariaren gorakada Lierni Mendiaraz botikariak. «Jendeak prebentzio neurri gisa hartzen ditu, etxean edukitzeko birusa iristen denean», azaldu du. Atzo goizean zazpi pertsona joan zitzaizkion galdezka, eta lehen egunetik du itxaron zerrenda luze-luzea. «Astelehenean 30 pertsona inguru etorri ziren eskatzen, edo deika hasi ziren. Segituan agortu zitzaizkigun maskara guztiak». Ezohiko produktu bat dela azaldu du Mendiarazek. Normalean, hilean gehienez jota bat saltzen du, eta, orain, dagoeneko 100 behar ditu eskaria bete ahal izateko: «Bosteko kutxa bat dugu, eta alergientzat edo atzerrira bidaiatzeko eskatu izan dizkigute, oso gutxi».

Mendiarazek ez du argi ikusten zer gertatuko den hurrengo egunetan. «Okerrena da egunaren arabera informazioa gaurkotuz doala, eta, irizpideak aldatzean, jendearen erreakzioa ere ezberdina da». Astelehenean maskarak ziren, eta asteazkenean, berriz, garbiketa gelak. «Hedatzen hasi zen maskarak ez direla baliagarriak pertsona osasuntsuentzat, eta gel lehorrarekin eskuak garbitzea dela egokiena». Bata zein bestea erosi bai, baina jendeak ez duela maskara egunerokoan jartzen ohartarazi du Mendiarazek.

Eskariari erantzun nahian

Eskariari neurria hartu nahian osatu behar izan du Mendiarazek itxaron zerrenda. «Bi zerrenda ditugu; bat maskarak eskatu dituztenekin, eta bestea gela eskatu dutenekin. Gainera, pertsona bakoitzak 10 edo 15 eskatzen ditu». Orain, agortuta dauzkate denak, eta datorren astean espero dute eskaria ailegatzea. «Egia esan, ez dakigu ezta zenbat eskatu ere; egunetik egunera aldatzen da jendearen joera». Badaezpada, botikako langileentzako bana gorde dute: «Guk ere hartu ditugu, ez baitakigu zer gertatuko den; eta, jendearen erantzuna ikusita, ez dugu gabe geratu nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.