ATZEKOZ AURRERA

Aterki bat kulturarentzat

Nafarroako eta inguruetako kultur eragileak Iruñean bildu dira asteon, 948 Merkatuan. Beren lanak erakutsi eta aurkeztu dituzte, alor berekoen arteko elkarlana sustatzeko.

Dantza performancea Baluarteko ezkaratzean, 948 Merkatuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kulturaren sektorearena ez da izaten xendarik errazena. Horregatik behar dira sektorea biltzeko aterkiak. Kanpoan euria zarra-zarra ari zuen atzo Iruñean, baina Baluarte jauregian goxo zen 948 Merkatuaren aterpean. Asteazkenetik izan da han arteen eta profesionalen topagunea. Goizean egin zituzten azkenengo ikuskizun, hitzaldi eta harremanak.

Antzeman zitekeen azken eguna zela. Arrosa biziko akreditazioak lepotik behera zituztenak ez ziren hainbeste. Aretoak ongi banaturik ziren: erakusketetarako, hitzaldietarako, erakusmahaietarako, performanceetarako... Lehenbiziko performancea areto txikian izan zen: 30 aulki bete, batzuk lurrean eserita eta bi lagun performancea egiten.

Itziar Okarizen Ocean Breath (Ozeanoaren arnasa) lanak ordu erdi iraun zuen. Eskuekin ahoa estali zuten bi lagun agertu ziren ikusleen aurrean. Mikrofonoek haien arnasaren hotsa ozen zabaltzen zuten aretoan barrena. Arnasa behin eta berriro, eta berriro. Eta haiek geldi, arnasa horretan kontzentraturik, ingurukoak trantzera eramaten zituzten bitartean. Hasieran etengabekoak izan ziren ikusleen joan-etorriak. Gehiago joanekoak. Hala ere, 30 aulkiak okupaturik egon ziren 30 minutuz.

Oso bestelakoa izan zen Electrical body (Gorputz elektrikoa) performancea; haiek ez ziren geldirik egon une batez ere. Baluarteko ezkaratzean lau dantzari aritu ziren jende anitzen begiradapean. Lehenbizi, iman bilakatu ziren gorputzak, haien artean elkartuz eta urrunduz. Gero, bulkada elektrikoak irudikatu zituzten energia handiko koreografiaren bidez. Tarteka ezker-eskuin jotzen zuen zartakoa antzeman zitekeen haien gorputzetan barrena. «Elektrizitatea gara, gure gorputzetan bulkada elektriko asko izaten dira», azaldu zuen Carmen Larraz dantzari eta koreografoak. Bulkaden bidez, ikusleekin konektatzea lortu zuten.

Bitartean, informazioa erakusmahaietan eta aurkezpenak areto nagusian. Hara eta hona zebilen ikasle talde handi bat, ilusioz eta gogoz, informazioa biltzen eta arte erakusketa ikusten. Errealitate birtualari lotutako atala izan zen arrakastatsuena. Han ziren Xavi Manzanares eta Abelardo Gil-Fournier artistak. Lehenak gorputzarekin entzuteko obra zuen erakusgai. Tarteka dar-dar egiten zuen taula batean etzaten zen jendea, belarriak kaskoekin estalita. «Gorputzarekin aditzen duzu: erabat murgiltzen zara», esan zuen artistak. Gil-Fournierren ustez, teknologiek ate asko ireki dizkiete: «Garai ederrak dira artearentzat».

Bestearen baitan

Han zen Bestea izateko makina ere. Ismael Jimeno eta Naiara Plazaola ikasleek probatu zuten. Errealitate birtualeko betaurrekoak jantzita, bestearen gorputzean sartzeko aukera zuten. Izan ere, bestearen kamerak grabatzen zuena ikusten zuten. Mugimendu berak eginda, zaila zuten jakitea nor ziren: «Oso arraroa izan da: beste pertsona bat nintzela ikusten nuen, baina ni izaten jarraitzen nuen», esan zuen Plazaolak. Antzera mintzatu zen Jimeno: «Erabat murgiltzen zara, eta zure izaera beste gorputz batean sentitzen duzu».

Saioaren bukaeran, elkar ukitu eta besarkatu behar zuten. Horrela bizi izan zuen Plazaolak: «Aurrean neure burua ikusi dudanean, ez dut ezagutu. Ukitu dudanean, nahasgarria izan da: ez nekien beste norbait edo neure burua ukitzen ari ote nintzen».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria agertu zen eguerdian, ekitaldia amaitzeko. Arteak jendea «pixka bat libreago» egiten duela eta, gobernuaren babesa adierazi zion sektoreari. Haren aterkia zabalik zutela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.