Datorren asteko estreinaldiak

Nola aldatu diren gauzak, kamarada

Orain dela hamalau urteko pertsonaiak berreskuratu dituzte Telmo Esnalek eta Asier Altunak 'Agur, Etxebeste!'-n

Ramon Agirre eta Elena Irureta aktoreak filmeko eszena batean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Gontzal Agote.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Euskara putzu sakon eta ilun bat zen, eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten handik nekez», abesten zuen Urkok bere kantarik ezagunenetakoan. Milurteko berriaren hasieran, salbuespenak salbuespen, basamortu moduko bat izaten segitzen zuen euskaraz egindako zinemak, ekoizpen bakanak eta oihartzun txikikoak izaten ziren usu, eta oraindik ere indarrean segitzen zuen euskal zinema zer ote den eztabaida historikoak.

2005ean, baina, egoera hori irauli zuen filma estreinatu zuten Telmo Esnalek eta Asier Altunak, Aupa, Etxebeste!. Hamabi urte ziren euskarazko filmik ez zela estreinatzen areto komertzialetan, eta etxebestetarrak lehorte horri amaiera emateko ailegatu ziren. Eta ez nolanahi, gainera.

Hasteko eta behin, filma urte horretako Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Ez sail ofizial kosmopolitan, jakina; baina bai Zabaltegin. Estreinaldi arrakastatsua izan zen, ikusleek aretoa lepo bete zuten, eta amaieran txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten Aupa, Etxebeste!. Ondorengo kritikek ere Altuna eta Esnalen filma goraipatu zuten.

Harrera ezin hobea

Hala ere, hori bidearen etapa bat besterik ez zen izan; proba garrantzitsua falta zuen filmak: areto komertzialetako estreinaldia. Garai horietan, ez zen aretoetan film bat euskaraz ikusteko ohiturarik; batzuentzat, gauza exotikoa zen, eta beste euskaldun batzuentzat, berriz, ariketa zaila zen euskarazko filmak ikustea.

Langa hori ere primeran gainditu zuen Aupa, Etxebeste!-k. Hasierako errezeloak gaindituta, ikusle ugari bereganatu zituen, euskarazko filmetan gehien ikusia izateraino —hainbat urte geroago Handia-k kendu zion ohorezko marka—. Zinema aretoetan 70.000 ikusle baino gehiago izan zituen filmak, eta ez soilik Euskal Herrian, Espainian ere ikusle kopuru mordoxka izan baitziren.

Izan ere, filma guztiz euskaraz egonik, gaztelaniaz azpidatzita estreinatzea erabaki zuten. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen hainbat zinemazale euskaldunen artean, baina, era berean,filmaren zabalkunderako lagungarria izan zen.

Kopuruez harago, Aupa, Etxebeste!-k ezinbesteko eragina izan zuen euskal zineman. Filmaren oihartzunak zein ibilbide komertzialak argi utzi zuten posible zela euskaraz egindako film arrakastatsuak egitea; eta, bere txikitasunean, horretarako merkatua izan bazela. Horren ondorioz, euskal filmen aro berria hasi zen. Hurrengo bi urteetan, besteak beste, Kutsidazu bidea, Ixabel, Nomadak Tx, Agian eta Eutsi estreinatu ziren. Horiek guztiak etortzear zegoen euskarazko filmen loraldiaren aurrekoak izan ziren.

Ia hamabost urte pasatu dira Aupa, Etxebeste-ren estreinalditik. Denbora horretan gauza batzuk dezente aldatu dira, eta beste batzuk, ez horrenbeste. Asier Altuna eta Telmo Esnalek eskarmentu handiagoa dute, ikusleok ere inozentzia galdu dugu. Nolanahi ere, hemen dira berriro etxebestetarrak, lantalde eta helburu bera lagun, kalitatezko zinemarekin gozarazteko.

'AGUR, ETXEBESTE'

Zuzendaria. Asier Altuna eta Telmo Esnal.

Aktoreak. Ramon Agirre, Elena Irureta, Iban Garate, Paco Sagarzazu.

Herrialdea. Euskal Herria.

Urtea. 2019.

Iraupena. 90 minutu.

Generoa. Komedia.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.