Film askotan egin dute lan elkarrekin Joachim Trierrek eta Eskil Vogt zinema zuzendari eta gidoigile norvegiarrek; bien iritzian, Verdens Versten Menneske (The Worst Person in the World) filmak kontatzen duen istorioa soila da, beste askotan ere kontatu izan dena. «Emakume norvegiar gazte bat da protagonista; egunero milaka proiektu hasten dituen horietakoa, baina bakar bat ere bukatzen ez duena...». Garai hipermodernoon ajeak, bizitzaren presak eta harreman molde likidoak, lehen ere hainbat pentsalari eta soziologok azaldu gisan.
Gidoilarien sinpletasun aldarria izan liteke, baina filmak baditu berezitasunak ere: nabarmenena filmaren egitura bera da, hamabi kapituluk eta prologo zein epilogo banak osatzen baitute lana. Komikietako binetaren moldea ere irudika lezake, eta banaketak pentsarazten du egun modako diren serietarako bide ere emango lukeela.
Filmaren protagonista da beste faktore azpimarragarri bat: Julie da istorioaren ardatza, hasi eta buka: 30 urteren bueltan dabilen klase ertaineko emakumea da, bizimodu gorabeheratsu, ezegonkor eta alderrai samarra daramana, Europako beste gazte berantiar askoren tankeratsukoa. Gizartean ezarritako estandarrek, milurteko berrian sartu aurrekoek gutxienez, Julieri gomendatuko liokete ikasketak amaitu, harreman finko bat izan eta lanpostu egonkor bat bilatzeko: ez da Julieren kasua, beste askorena ez den bezala: filmak erretratatzen duen neskari igual samar zaio ikasketa bat edo beste hasi, harreman sendo bat izan ala ez, egunerokoan plan batzuk egin edo bestetzuk. Pertsonaia hezurmamitzen duena Renate Reinsve aktore norvegiarra da, eta lan aparta egin du, kritikak nabarmendu duenez eta Cannesko zinema jaialdian jasotako sariak aditzera ematen duenez. Oscar sarietarako ez dute hautagaien multzoan sartu, baina bai filma bera nazioarteko film onenen sailean, eta baita gidoi onenarenean ere. Iazko film guztien artean onenetakotzat jo dute aldizkari espezializatu gehienek.
Prologotik hasita
Filmari sarrera ematen dion prologoak jada ondo zedarritzen ditu Julie pertsonaiaren ezaugarriak. Off-eko ahots batek arrapaladan kontatzen du Julieren hogeita gutxi urteen kronika: unibertsitate ikasketa batetik besterako jauziak —medikuntzatik psikologiara igaroko da ohartzen denean gehiago inporta zaiola «arima gorputza baino», baina gero argazkilaritza ikasten hasiko da...—, bikote harreman laburrak eta luzeagoak tartekatzea, eta bizitzan helburu jakinik gabe dabilen sentsazioa...
Itxura batean millennial arrunt baten erretratua da, baina Aksel ezagutzen duenean bizitza apur bat egonkortuko zaio: komiki sortzaile undergrounda da Aksel, Trierren beste zenbait filmetan ere agertu izan den Anders Danielsenek antzeztua. Bien arteko harremanak ardaztuko du filma.
Joachim Trierrek Reprise filmarekin egin zuen estreinaldia, 2006an, idazle izan nahi zuten bi lagunen arteko harreman anbibalentea erretratatuz. Gerora ondutako Oslo, 31. August (2011), Louder Than Bombs (2015) eta Thelma (2017) ingelesez ekoitzi zituen, eta beti jaso izan du kritikaren onespena.
'VERDENS VERSTE MENNESKE'
Zuzendaria: Joachim Trier.
Aktoreak: Renate Reinsve, Anders Danielsen Lie, Herbert Nordrum, Silje Storstein...
Herrialdea: Norvegia.Urtea: 2021. Iraupena: 121 min.Generoa: drama eta komedia
Estreinaldia: martxoaren 11n estreinatuko da Hegoaldean.
Datorren asteko estreinaldiak
Bizitza likido baten gorpuztea
Joachim Trier norvegiarrak 30 urteko klase ertaineko emakume baten bizimolde alderraiaren erretratua egin du bere azken lanean. Iazko film onenetakotzat jo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu