Ez da ohiko formatua; terminoetan kontraesankorra eman dezake animazio dokumental batek, baina azken boladan ugaritzen ari da genero hori. Besteak beste, iraganeko gertakizunak erreproduzitzeko zenbait erraztazun ematen ditu generoak, hala nola aktoreen karikaturizazioa, edo gai sentibera zenbaitetan eszenaratzea nola gauzatu. Ez dira arrazoi bakarrak, ordea. Lengoaia ondo erabilita, esaterako Waltz With Bashir (2008) eta Tower (2016) lanetan, istoriek poetikotasunean, dotorezian eta gertutasunean irabaz dezakete. Dokumental hertsitik urruntzen bada ere, Ryszard Kapuscinskiren kazetaritza lanean oinarrizten den Another Day of Life (2018) da beste adibide bat. Flee filmean, gainera, arrazoi politiko bat dago: protagonistaren nortasuna babestea.
Immigrazio istorio gordin eta gogor bat kontatzen du Flee-k. Amin Nawabi (ez da izen erreala) jatorri afganiarreko gizona da protagonista; Kopenhagen bizi da egun, eta Jonas Poher Rasmussen zuzendariak elkarrizketatu egin zuen, bere ikaskidea izan baitzen bigarren hezkuntzan. Aminek hamarkadatan gorde du zergatik eta nola alde egin zuen Afganistandik. Filmak aurrera egin ahala joango dira argitzen kontu horiek zein bestetzuk. Elkarrizketaren irudiek eta oroitzapenenetan azaltzen diren Afganistango garaikoek, baita albistegiren batetik hartutakoek, osatzen dute filma.
Aminen historia 1980ko hamarkadan hasten da Kabulen. Ume zoriontsua da, besteak beste A-ha taldearen Take On Me entzuten duena walkmanean hiriko kaleetan pasiatzen duenean. Berehala ohartuko da, baina, bere anaiarekin batera, bizitza zail jarriko zaiela oso beraien herrialdean. Aita atxilo hartuko dute, eta Ameriketako Estatu Batuak eta Errusiar Batasuna tartean diren gerra aregotu egingo da. Amin eta anaia ezkutatu beharrean izango dira, gerrarako bilduak izan ez daitezen. Horrez guztiaz gainera, Amin oso txikitatik ohartuko da sexu berekoak gustatzen zaizkiola, eta hori eramanezina da Afganistanen, homosexualitatea hitza bera debekaturik baitago. Garai hura eta Kopenhagen egun bizi duenekoa uztartzen ditu istorioak.
Identitatea eta terapia
Identitateari buruzko filma da Flee, etengabe ihes egin eta nork bere burua aurkitzeari buruzkoa, hainbat armairutatik irteteari buruzkoa, ibilian bide egiteari buruzkoa. Kopenhagera iristean, errealitate berri bat ezagutuko du Aminek, baita sexualitateri dagokionez ere, eta oroitzapenak, ametsak eta desioak nahasian agertuko zaizkio.
Animazio estilo soila bezain efektista darabil Rasmussenek: ihesak eta tentsioak azaltzen direnean abstrakziora jotzen du, eta estilo zuzenekoagora, abentura eta suspentsea iradoki nahi dituenean. Protagonistaren ibilibide fisikoa ezinegon mentalaren lerrokide bihurtzen da, eta hor sartzen da zuzendariaren rola, bere galderekin eta solasaldiekin terapia psikoanalitiko moduko bat ematen baitio Amini. Immigrazio arazoak lantzeko estetika eta narratiba berri bat plazaratzeko saiakera ere bada filma. Laudorioak jaso ditu, eta Oscar sarietarako hautagai da hiru arlotan: animaziorik, dokumentalik eta nazioarteko filmik onenen sailetan.
'FLEE'
Zuzendaria: Jonas Poher Rasmussen. Gidoia: Jonas Poher Rasmussen. Herrialdea: Danimarka.
Urtea: 2021. Iraupena. 90 min.
Generoa. Animazioa-dokumentala. Estreinaldia. Otsailaren 18an estreinatuko da Hegoaldean.
Datorren asteko estreinaldiak
Ihesean bide, ihesean etxe
Danimarkara iristen den mutil afganiar baten immigrazio istorio gordina eta haren identitate borroka kontatzen du 'Flee' animaziozko dokumentalak; Oscar sarietarako hautagai da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu