Datorren asteko estreinaldiak

Haurraren soa, zuri-beltzean

Kenneth Branagh zuzendari ipar-irlandarrak 'Belfast' filma ondu du, bere haurtzaroko oroitzapenetan eta begiradan oinarriturik ehundutako istorio bat ardatz hartuta, zuri-beltzean

Kenneth Brannagh zuzinemagile eta aktorearen haurtzaroko Ipar Irlanda erretratzen du Belfast film berriak. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Haurtzarora egin du Kenneth Branaghek Belfast-en. Begirada 1960ko hamarkadan jarri du, Belfast jaioleku gatazkatsuan, bere alter ego Buddy haurraren begirada baliatuz (Jude Hill). Sona handiko filma ondu du zinemagile eta aktore irlandarrak; han eta hemen aipamenak lortu ditu, eta Oscar sarietarako hautagaitza aurkeztu. Zenbait kritikariren iritzian, soslai intimo indartsua lortu du; beste zenbaiten aburuz, motz geratu da garai hartako giro politiko eta soziala erretratatzeko moduan.

Haurraren bizipen eta begirada bildumak ardazten dute istorioa; Buddyren eta haren familiareneguneroko bizitza itxura batean lasai samarra —anaia helduagoarekin eta amarekin bizi da, aitak Ingalaterran pasatzen baitu denbora gehiena lanean— lehertu egingo da talde protestanteek bere auzoko familia katolikoen etxeei eraso egitean. Buddyren familia protestantea da, eta egoera konplexu eta tentsioz beterikoan geratuko da, giro nahasi horretan. Familia katolikoak Ingalaterratik independizatzearen aldekoak dira, eta protestanteak, aldiz, Erresuma Batuaren zaleak. Buddyk eta bereek presio handiak jasango dituzte katolikoekin dituzten harremanak eteteko.

Haurtzarotik helduarorako trantsizio hori kontatzen duten filmen zerrenda luzea da, nork bere umetako espaziotik eta denboratik abiatutako kontaketa egitea; hor dira Francois Truffauten Les Quatre Cents Coups (1959), Federico Felliniren Amarcord (1973), edota, oraintsuagoko bat aipatuz, Alfonso Cuaronen Roma (2018). Azken horren narratiba eta estetika moldearen sokari jarraitu dio Branaghek Belfast-en, zuri-beltzezko irudiak, oroitzapenen ildoa mantenduz. Harekin alderatuz, ahots kritikoenek ohartarazi dute edukiz arinagoa eta leunagoa dela Branaghena, neurri batean ulertzekoa dena, ume baten oroimen ariketa den heinean. Baina, hain zuzen ere, Ipar Irlandako hiriburuan gertatzen ari zen gatazka politikoa zertxobait despolitizatua azaltzen dela egiten duen erretratu kronikan.

Oroitzapenen munduan, musikak garrantzi handia izan ohi du, eta halaxe du Belfast-en ere: esaterako, Van Morrisonen kantuek, nahiz eta entzuten diren piezetako batzuk ez diren kontatzen diren garaiarekin ezkontzen. Adibidez, Days Like This entzuten da, eta 1995ekoa da.

Analisi politikorik ez

Branaghek ez du sakontzen auzi politikoan, Buddyk ez duelako gertatzen denaren ideia argirik. Umeak maiz azalduko du katolikoa izateko nahia, hartara konfesiolekuan barkatua izateko aukera izango lukeelako. Umearen ardura nagusia kalean futbolean jolastu ahal izatea da, neskatila gustuko batek kasu egin diezaion lortzea, denbora aitona-amonekin (Judi Dench eta Ciaran Hinds) edo ama alaiarekin (Cairiona Balfe) igarotzea, eta zinema eta antzerki emanaldiak ikustea.

Episodioka egiten du aurrera hari narratiboak, eta tentsio nagusia izango da familia zalantzatan ikustea Belfast utzi ala ez. Ohikoa izaten da Brannagh aktore modura ikustea bere film zenbaitetan; oraingoan, ez du parte hartu antzezle modura.

'BELFAST'
Zuzendaria: Kenneth Branagh.
Aktoreak: Jude Hill, Lewis McAskie, Caitriona Balfe, Jamie Dornan, Judi Dench.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2021.
Iraupena. 98 min.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Urtarrilaren 28an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.