Datorren asteko estreinaldiak

Amets galduak dantzan jarriz

Uda sasoirako aproposa izan daitekeen musikal bat estreinatuko dute ostiralean Hego Euskal Herrian: 'In The Heights'. Gazte ameslari batzuen proiektuei buruz hitz egiten du

New Yorkeko auzo xume bateko zenbait gazteren ametsez mintzo da In The Heights film musikala. Goian, filmaren fotograma bat. IN THE HEIGHTS.
Nagore Arin.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mary Poppins, Grease, Moulin Rouge, Les Miserables, La La Land... Asko dira estreinatu eta denbora gutxira film musikalen zerrendan leku nabarmena lortu duten film luzeak. Lan horietako zenbait dira aurretiaz aipatuak; guztiak publiko zabal eta ugari bati zuzenduak. Hala ere, badira target mugatuagoa izan duten hainbat musikal, batez ere gazteentzat egindakoak, eta, lehen aipatutako lan arrakastatsuen antzera, itzal handia izan duten lan luzeak. High School Musical, Step Upedo Go!azen dira horren adibide, eta, hain justu ere, talde horretara gehituko den musikal bat estreinatuko dute laster Hego Euskal Herrian: In the Heights (Goietan) du izena, eta ostiralean estreinatuko dute.

Filma Lin-Manuel Miranda abeslari, musikagile eta antzezlearen lan batean oinarrituta dago: Broadwayn egindako musikal bat da jatorriz 2008an estreinatu zuten, eta bere denda itxi edo ez erabaki behar duen mutil baten kontakizuna jartzen du erdigunean. Usnavi du izena pertsonaiak, baina ez da filmean agertzen den pertsonaia nagusi bakarra: gazte asko agertzen dira, baita horietako bakoitzaren amets eta proiektu ugariak ere. Hain justu ere, horixe bera da filmaren ardatza: amets horiek guztiak lortzeko egin beharreko lana eta gainditu beharreko oztopoak. Amets amerikarra eta puertorricar jatorria izatearen harrotasuna, New York bezalako hiri handi eta arrakastatsu batean.

Duela gutxi estreinatu denez, oso ibilbide laburra izan du jaialdi eta aretoetan, baina, hala eta guztiz ere, aurreikuspen oparoak egin dizkiote filmari. Elektrizatzaile, dardarkari, liluragarri, moderno edota emozioen zurrunbilo gisa izendatu dute ikusteko parada izan duten adituek, etaadierazi dute aspaldian egin diren musikal dotoreenen artean dagoela. Hala mintzatu da, adibidez, horietako bat: «Entretenimendu bizia eta ausarta da, momentu samur eta delikatuak dituena». «Aurtengo udan nahitaez ikusi beharreko filma da», esan du beste batek.

Lantaldearen lanaren emaitza izan da hori. Asko dira aurretiaz beste musikalen batean edo musikaletan lan egin duten partaideak. Jon M. Chu zuzendaria da horietako bat: Step Up musikalen bigarren eta hirugarren film luzeak zuzendu zituen, eta Justin Bieberri buruzko bi dokumental ere egin ditu.

Gidoia ez da atzean gelditzen: Lin-Manuel Miranda eta Quiara Alegria Hudesek idatzi dute. Mirandak Tony eta Grammy sariak jaso ditu hitzengatik eta musikagatik. Mirandak berak jokatzen zuen Usnaviren rola musikalean. Hamilton musikalaren sortzailea ere bada. Pulitzer sariak jaso dituzte biek.

'IN THE HEIGHTS'
Zuzendariak. Jon M. Chu.
Aktoreak. Anthony Ramos, Corey Hawkins, Stephanie Beatriz,Daphne Rubin-Vega, DaschaPolanco, Jimmy Smits, MelissaBarrera, Leslie Grace, OlgaMerediz, Daymien Valentino.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 142 minutu.
Generoa. Musikala, maitasuna.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.