Victor Erize Karrantzan jaio zen (Bizkaia), 1940. urtean. Zuzenbidea eta Zientzia Politikoak ikasten hasi zen unibertsitatean, eta 1960an Zinematografia Eskola Ofizialean sartu zen, Madrilen; bertan, zinema zuzendaritza ikasi zuen. Bere lehen lan profesionala 1969an estreinatu zuen: Los desafíos film kolektiboko atal bat sortu zuen, Elias Querejeta ekoizlearekin elkarlanean.
1973. urtean zuzendu zuen zinemaren historiaren parte den eszena ospetsua: Ana Torrenten—garai hartan haurra zen— lilura eta harridura aurpegia, zinema aretoan lehen aldiz Frankesteinen irudiak ikustean. El espíritu de la colmena Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen, eta bertan irabazi zuen Urrezko Maskorra. Gerraosteko herri txiki batean kokatua, Ana haurrari jarraitzen dio istorioak, eta zinemari esker mundua ulertzeko begirada berri bat ezagutuko du.
Ondoren iritsi zen El sur, 1983an, Adelaida Garcia Moralesen kontakizun batean oinarritutako film luzea; finantzaketa arazoak medio, filmaren grabaketa eten eta ordura arte eginiko irudiekin aurkeztu zen. Eta 1992an El sol del membrillo, Antonio Lopez artistaren margolan baten sorkuntzari buruzkoa. Film honekin irabazi zituen Cannesko jaialdian epaimahaiaren eta nazioarteko kritikaren sariak. Ordutik, Erizek laburrak, bideo instalazioak eta film luzeetako atalak sortu ditu, eta irakasle aritu da mintegi eta lantegietan.
Cerrar los ojos-ek zinema zuzendari baten istorioa kontatzen du. Miguel Garayk urteak daramatza ezer filmatu gabe; bere azken lana ezin izan zuen amaitu, pertsonaia nagusiaren rola jokatu behar zuen aktorea, Julio Arenas, desagertzean. Desagertutako pertsonak bilatzeaz arduratzen den telebistako programa batek atal berezi bat eskainiko dio aktore galduari, eta Garayk, garai batean aktorearen lagun mina, parte hartzea erabakiko du.
Egindakoa, egin gabekoa
Cannesko zinemaldian lehiaketatik kanpo aurkeztua, Cerrar los ojos-ek Erizeren filmografia borobiltzen du. Bizkaitarrak bere bizitzan zehar egin dituen eta egin ez dituen lanei buruzko erreferentzia mordoaz osatuta dago, eta, kritikaren esanetan, El espíritu de la colmena-rekin ireki zuen bidea ixten du azken film luze honek. Michel Gaztanbiderekin batera idatzitako istorioak memoria, identitatea eta denbora bera ditu erdigunean. Horrela, pertsonaiei, istorioari eta irudiei arnasa hartzeko tartea ematen die Erizek; irudiak bertan daude zalantza eragiteko, ikusleak buelta emateko, moldatzeko, osatzeko eta desegiteko. Puzzle eran eraikitzen joango da istorioa, eta baita pertsonaien memoria ere.
Erizeren azken filma, hasitako bide hori amaitzen duena, bizkaitarraren zinemarekiko maitasunaren azken kapitulua ere bada. Zinema eta fikzioa errealitatea ulertzeko, antolatzeko eta interpretatzeko era gisa aurkezten du zinemagileak, memoria eraikitzeko tresna bat. Bidea zinema areto batean grabaturiko irudi batekin hasi zuen 1973an, eta beste zinema areto bateko irudiarekin amaitu du 2023an.
'CERRAR LOS OJOS'
Zuzendaria: Victor Erize.
Gidoilariak: Victor Erize, Michel Gaztanbide.
Aktoreak: Manolo Solo, Jose Coronado, Ana Torrent.
Argazkia: Valentin Alvarez.
Generoa: Drama.
Urtea: 2023.
Iraupena: 169 minutu.
Herrialdea: Espainia.
Estreinaldia: irailaren 29an estreinatuko da Hegoaldean.
Bidea borobildu du Erizek
Aurreko film luzea egin zuenetik 31 urte pasatu eta gero, Victor Erize zinemagile bizkaitarrak laugarren film luzea idatzi, zuzendu eta aurkeztu du: 'Cerrar los ojos'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu