William Shakespearek botereari eta anbizioari buruz idatzitako obra klasikoaren inguruan 25 zinema egokitzapenetik gora egin dira; beraz, galdera berez-berez dator. Zergatik egin beste bat?, zertarako? Belaunaldi eta estilo aski desberdinetako sortzaileek izaten dute klasikoetara itzultzeko beharra, apeta, eta oraingoan Joel Coen zinemagile estatubatuarrak jo du dramaturgo ingelesarengana, zer-eta bakarkako estreinako lana filmatzeko, bere debuterako aurrez hemezortzi film zuzenduak ditu anaia Ethanekin.
Joel Coenek ez dio edonolako erronka jarri bere buruari: Shakespeareren obrarik esanguratsuenetako bati heltzea, eta, gainera, zinemaren eta teatroaren arteko lengoaia eta estetika molde hibrido batez aurkeztea. Izan ere, teatro hutsa ere ez da, egitura narratibo bat erabiltzen baitu, eta erakustaldi bisual bat; esaterako, CGI irudiak (Computer Generated Imagery) propio eta egoki baliatuz, deklamatu egiten duten aktoreen antzezte lana nolabait gaindituz. Baina zinema huts-hutsa ere ez da, baduelako kodetze bat, ahoskatze eta keinukera arranditsu bat, eta antzerkiari darion artifizialtasun sinesgarri moduko bat. Esandakoa, zinemaren eta teatroaren arteko hibridoa, eta, idatzi diren erreferentzia gehienen arabera, pasarte askotan iradokitzailea eta hipnotikoa.
Joel Coenek Denzel Washington aktore estatubatuar beteranoa aukeratu zuen istorioko protagonistaren rolerako; lehenik gerrako heroi, ondoren Eskoziako errege, eta, azkenik, agintari despotiko, krudel, mendekati eta odolzalea. Izan ere, Macbeth esentzian da boterekeriaren apetak eragiten duen giza degradazioaren, gainbeheraren, erotasun nartzisistaren inguruko saiakera lan bat. Gai indartsu eta esanahi handikoa zen idatzi zenean, XVII. mendearen amaiera aldera, eta gai indartsua da boterekeria oraindik ere, nahiz eta molde desberdinetan izan, gaur-gaurko kontua mundu zabal eta global honetan.
Denzel Washingtonekin ez ezik, beste hainbat aktorerekin ere lan egin du Coenek. Frances McDormandek egin du Lady Macbethena Coen anaien hainbat filmetan lan egindakoa da; Brendan Gleesonek jokatu du Duncan Erregearen rola, Lord Macbethen boterekeria setaren biktima izango denarena; Alex Hassell (Ross), Bertie Carvel (Banquo), Corey Hawkins (Macduff), Harry Melling (Malcolm), eta Miles Anderson (Lennox) dira aktore talde indartsu horretako beste izen batzuk.
Estetika soil eta gordina
The Tragedy of Macbeth lan neurritsu eta soila da, antzerkiaren lengoaiara hurbiltzeko Los Angelesko estudio batzuetan filmatua, eta zerikusi txikia du Coenen aurreko lanekin. Macbeth obraren egokitzapen huts eta biluzia da, eta ez dago inolako umore eta elkarrizketa absurdoren alerik; izatekotan, estetika zainduak eta zehaztasun formalak batzen dute zuzendariaren aurreko lanekin. Orson Wellesen egokitzapenaren iluntasuna, zuri-beltzaren erabilera, Dreyer eta Rosselliniren estetikotasun idorra eta zinema esperimentalaren erradikaltasuna ere izan ditu erreferentzia.
'THE TRAGEDY OF MACBETH'
Zuzendaria: Joel Coen.
Aktoreak: Denzel Washington, Frances McDormand, Brendan Gleeson, Bertie Carvel.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Iraupena. 156 min.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Abenduaren 12an estreinatuko da Hegoaldean.
Datorren asteko estreinaldiak
Zinema eta teatro hibridoa
Joel Coenek 'Macbeth' obra klasikoaren egokitzapen batekin ekin dio bakarkako bideari; estetikotasun idorra, zuri-beltzaren erabilera eta antzerkiaren itzala ditu ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu