Asteartean entzun nuen berria; ministerioaren asmoa da ikasturtea hastean gelen ratioa 15 ikasletara jaistea. Ratioekin kezkatuta gaudenontzat oso berri ona da, aspaldidanik askok dugun aldarrikapena; gaur eguneko ratioak gehiegizkoak dira, bai haurrentzat, bai irakasleentzat. Gela masifikatuekin ezin da bermatu kalitatezko hezkuntzarik. Behin-behineko erabakia baino ez da, noski, eta pandemia kontrolatzea bilatzen du, ez haurren edo irakasleen ongizate akademiko eta emozionala. Baina gakoa da jakitea zer baliabide jarriko dituzten proposamen hori aurrera eramateko. Pandemia honek zerbait erakutsi badigu, edo behintzat ikasgai hori ongi barneratuko dugun esperantza badut, zaintzak erdigunean jarri behar ditugula da, eta hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke; osasun arloan ohe gehiago bermatuz, langileria guztiaren (mediku, erizain, laguntzaile, garbitzaile) lan baldintzak hobetuz, edo, hezkuntzaren kasuan, baliabideak jarriz eta irakasleria handituz. Edo, zein da bestela asmoa? Familiengan kokatzea berriro ere zama hori? Telelanaren iruzurrari telehezkuntzaren iruzurra gehituz? Esan gabe horrek haurren gaitasunetan sortuko lukeen arrakala gaindiezina; jakina da familia bakoitzaren egoera sozioekonomikoak markatzen duela ikasle baten ibilbide akademikoa. Ez da berdin, noski, etxe batean ordenagailu bakar bat izatea gurasoek ere telelana egin behar dutenean, edo bi edo hiru gailu izatea. Baina kontu teknologikoa ez da bakarra; gurasoen maila akademikoa, lan baldintzak.... Horrek ere markatzen du arrakasta akademikoa eta haurraren ongizate emozionala. Hori guztia kontuan hartzen ez badugu, eskolak egoera sozioekonomiko ezberdineko haurren aukerak berdintzeko duen gaitasuna amaituko genuke.
Gai horri guztiari begirada feminista gehituko bagenio, argazkia are beltzago agertuko litzaiguke; datuen arabera, Valentziako Unibertsitateak martxan jarri duen ikerketa batek ondorioztatu duenez, telelanean diharduten amak estresatuago dabiltza/gabiltza itxialdia hasi zenetik. Lan motengatik (zerbitzuetan emakumezko gehiago dago gizonezko baino, eta alderantziz, industriaren edo eraikuntzaren kasuan), ohikoagoa da amek telelana izatea eta aitak kanpora ateratzea lanera. Asmatu nork hartzen duen haurren zaintzaren ardura, teorian lanean jarraitzen duen bitartean.
Martxotik kapitalismoaren ametsa egia bihurtu dugu, menpekoen zaintza eremu publikotik desagerrarazi dugu; haurrak, gaixotasun mentalak dituztenak, desgaitasun fisikoak dituztenak, adinekoak eta zaintzak behar dituzten guztiak ikusezin bihurtu ditugu, eta etxeetako esfera pribatura mugatu ditugu euren beharrak. Berriro ere, Philippe Arièsen teoriarekin bat eginez, indibidualismo afektiboari bide eman diogu; familia nuklearraren gain (aita-ama eta seme-alabak) jarri dugu haurren zaintza, umeak ikusezin bihurtuta. Atzean geratu dira haurrak komunitate osoaren, familia zabalaren eta estatuaren ardura zireneko garaiak. Itxialdi honek kapitalismoaren aldarrikapenik zentralenei eman die bidea; produkzioa lehenengo, zaintza eta bizitza gero. Beraz, gurasoek ardura guztia eta bakarra hartu dute haurrekin, eta asteetan hori amets bat bezala izan da sistemarentzat.
Amets horretatik, amesgaizto izan dena askorentzat, esnatzeko baliabideak jarriko ditu estatuak edo jarraituko dugu zaintzak ikusezin bihurtuz? Zer asmo dute irailetik aurrera? Eta ez bakarrik eskoletan, adineko etxeetan ere ratioak jaitsi beharko lituzkete, noski, heriotza eraikin masifikatuak izateari uztea nahi badugu behintzat. Zer esaten du gure gizarteaz zaintza beharrik handiena dutenak horrela isilarazten, ikusezin, bihurtzen ditugunean? Etorkizunera begira galdera horiei erantzuteko gai ez bagara eta antolatzeko modua aldatzen ez badugu, bizitza erdigunean kokatuz, betikoek ordainduko dute.
ARKUPEAN
Telelanaren iruzurretik telehezkuntzaren iruzurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu