Ezin dinat oroitu noiz hasi nindunan etorkizuneko Euskal Herria irudikatzen; badakin, hire bizitzaren handitasunean (bizitzaren tribialeko gazta zati guztiak lortutakoan) bizileku izan nahiko hukeen lurralde-gizarte-izate hori. Ez naun oroitzen utopia errealista forma ematen hasi nintzeneko uneaz, baina sekula ez dinat ahaztuko noiz entzun ninan lehenbiziko aldiz Euskal Herri ideal baten deskribapena.
2010eko uztaila; Boise, Idahoko hiriburua. The Jaialdi, bost urtean behin egiten den diasporako euskaldunen meka. Iratxe Ibarra eta biok bertsotan egitera gonbidatu gintuztenan eta lehen aldiz ausartu nindunan kantuan ingelesez bat-batean aritzera. Kostatuko zaidan ahaztea «Good evening Boise / how are you doing?» Aita izena kanta beharrak doinuan kantatu ninaneko txaloaldiaren magia... baina ez natorren horretaz hitz egitera. Jaialdiaren egunetako batean lehendakariak hitzaldi bat egin ohi din; urte hartako Eusko Jaurlaritzako presidentea ez zunan gai euskaraz edo ingelesez mintzatzeko, Boiseko alkatea ez bezala, eta, arrazoi politiko eta linguistikoak medio, euskal amerikar askok erabaki zitenan hitzaldira ez joatea.
Haietako batek pentsatu zinan tarte hori baliatzea ingelesez kantatutako bertsolaria ezagutzeko, eta halaxe joan nindunan ni Flora Aspiazuren etxera, lehendakariaren hitzaldiaren ordezko. 90 urteko andrea gutxitan ateratzen zunan etxetik eta besarkada estu batekin eskertu zidanan joatea. Lea Artibaiko gurasoen alaba, bizkaiera ederrean mintzo zunan. «Noiz joan zara Euskal Herrira azken aldiz?» galdetu nionan (bizkaieraz neuk ere), haren euskararen bizitasunarekin harrituta. «Sekula ere ez» erantzun zidanan. «Zelan?» itaundu nionan ezin sinetsita. «Ni Ameriketan jaio nintzen, eta sekula ez naiz Euskal Herrira joan». Senarra gerra garaian erbesteratutakoa zinan, eta hari Euskal Herrira joateko esaten zion bakoitzean, gizonak pentsatze hutsarekin gerrako goseak eta oinazeak berbizitzen zitinan... eta bidaia geroratu egiten zitenan.
«Eta zelakoa irudikatzen duzu Euskal Herria?» galdetu nionan 90 urteko andre euskaldun amerikar sekula-euskal-herriratu-gabeari: «Polita! Zelai berde, itsaso urdin, eguzki eder...» eta beste mila berba maitagarri esan zitinan begien distira betean, distira hartan nik ezagutzen ez ninan Euskal Herri hura «bere begiekin» ikusiko balu bezala. Senarra aspaldi hila izanik, bururatu zitzaidanan esatea oraintxe zuela aukera Euskal Herria bisitatzeko, baina bidaiak eragingo zion nekeak eta benetako Euskal Herria ikusteak eragingo zion etsipenak ahoa itxi zidatenan.
Ni euskal kantuen letrek eraman nindutenan Euskal Herri berriaz amets egitera: «zazpi euskal herriak bat egin ditzagun...», «...herri bat osaturik euskaraz nahi dugu bizi», «nire aberria lurra bezain zaharra da...», «ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik, nor geran, zer geran aitortzeko»... eta amestu ninan Quebecera, Ingalaterrara edo Japoniara heldu eta ez nuela arazorik euskalduna nintzela esateko, eta euskal herritar guztiek onartzen zutela euskaraz ere bizi nahi zutela, eta Euskal Herria oro zela bake, bizikidetza, justizia, aniztasun, maitasun eta beste hitz polit pila bat.
Flora Aspiazu 2013ko maiatzaren 6an hil zunan, Euskal Herrian sekula izan gabe. Nik ez dinat epe laburrean hiltzeko asmorik, baina saihestezina egiten zaidan pentsatzea ni ere sekula ez naizela izango aspaldi amestutako Euskal Herri hartan. Euskal Herri hobea nahi ninan nire ondorengoei uzteko, baina baditun bi urte aita naizela, eta saiatu beharko naun begietan nahi baino distira txikiagoa eragiten didan Euskal Herri hau hobetzen, kantuetarako eta ametsetarako gordez Flora eta bion Euskal Herri hura.
ARKUPEAN
Euskal Herri hura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu