Azkoitiko pilotarien aurka zeukaten gure herriko mutilek partida, baina Sanandresetako Idi Demak tarteko, Azpeitiko Izarraitzera bidali gintuzten. Ondo etorri zitzaidan herri horretan ireki berri duten apustu-etxearen inguruan sortu den zalaparta gogoratzeko eta iritziak jasotzeko.
Ibilbide honetan Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren gogoeta aberats batekin egin dut topo, arazoa pil-pilean zegoenean idatzia (kontrako plataforma eta kanpaina, elkarretaratzea...). Beste hainbat egia borobilekin batera, deigarria egin zait ikustea nola ohartarazten zuen Gorrotxategik apustuen inguruko jatorkeriaz, hau da, gure DNAn errotuak dauden pilotaleku, ahari-joko, loteria, porra eta abarrekin ez ikusiarena egin (edo onartu) eta kanpotik datozen joko-molde berriekin tematu. Alarma selektiboa deitu zion horri Urola Kostako Hitza-n egindako ekarpen hartan.
Ados nago alarma selektiboarenarekin, baina ñabardura batekin: iruditzen zait, bertakoa izan edo kanpotik ekarria izan, dagoeneko jokoa bera dela alarmaren lehen lerroan ezarria dagoena, eta selektiboak, oso selektiboak, izaten ari garela gure gazteengan sekulako kaltea egiten ari diren gainerako ohitura eta bizioei ematen ari garen garrantziarekin alderatuz.
Hamarkada luzez bizi izan da euskal pilota apustuei esker, baina gaur egun gure herriko pilotazaleren bat sarri ikusten badugu telebistan pilotalekuetako lehen lerroetan eta noizean behin behatza altxatzen, jakina da nolakoak izango diren txutxu-mutxuak, nahiz eta pilotazale horrek urtean zehar trabesetan diru gutxiago xahutu bere kuadrillako edozeinek bidaietan edota eskiatzen baino. Ohikoa ez den pilotalekuren baten gazte batzuek artekariari postura bat eskatzen badiote, zenbat dira mar-marrean jiratzen diren buruak? Geure buruari ezarri dizkiogun arauei jarraiki, gainera, kezkagarriagoa izango da jokatu dituzten hogeina euro horiena, gazte horiek gau osoan egingo dutena baino, auskalo zer. Eta apustu-etxe baten edota taberna bateko makinan txanpon gutxi batzuk jokatu nahi baduzu, hobe alde bietara begiratu, inork ludopatatzat har ez zaitzan.
Argi dezadan lehenbailehen ez dudala jokoaren arriskurik gutxietsi nahi, are gehiago apustu molde berriak indarrez ezartzen ari direnean, gazteengan eragin handiarekin gainera. Deustuko Unibertsitateak berriki aurkeztutako inkestan ederki ikusten da hori. Askoz ere neurri zorrotzagoak hartu beharko lituzkete erakundeek, inguratuta gauzkan publizitateari buruz, besteak beste. Internet eta makinak iritsi aurretik ere ezagutuak gara apustuek sortutako hondamendi izugarriak eta denon esku dago jokoaren ondorio kaltegarriei eraginkortasunez aurrea hartzea.
Tabernari batek berriki kontatu dit igande eguerdi batez bikote bat etorri zitzaiola, 17 urteko semeari apustu-makina bateko postura mesanotxean ikusita. Bertakoa izango zela onartu zien tabernariak, ohiko bezeroak zirelako mutila eta kuadrilla. Bikoteari esan edo ez esan egon zen eta azkenean ur handi horietan ez sartzea erabaki zuen, baina bere buruari egun osoan egon omen zen galdezka ea benetan guraso haiek pentsatzen zuten euro pare bat ordaindutako paper hura zela semearen arazo larriena.
Harrituta nauka ni honek guztiak. Azpeitian bezala, toki askotan ari dira zabaltzen apustu-etxeen kontrako protesta eta mobilizazioak. Zilegi da eta kasu askotan beharrezko ere bai jendearen kontzientziak astindu eta gizartea erne egon dadin. Nire apalean, uste dut badudala gure gaztediaren berri eta esan dezaket jokoarekin edota apustu-etxeekin arazoak dauzkan gazte bakoitzeko drogekin arazoak dauzkan hamarren berri badaukadala, dealerrak kalean lasai asko dabiltzan bitartean. Urteak dira ez dudala horren inguruko plataforma, kontzentrazio edota manifestazio baten berri izan. Sinetsi nahi nuke ez dela dagoeneko etsita gaudelako.
ARKUPEAN
Selektiboak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu