Kybsen 106 langile kaleratu nahi dituzte eta Berrimetalen beste 27

ITP Aero Castingseko beharginek Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren bitartekaritza eskatu dute

Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun

Egunak ziren autogintzaren sektorean ez zela kaleratzeekin loturiko albisterik sortzen. Atzo iluntzean, baina, Kybse balaztak ekoizten dituen Japoniako enpresak jakinarazi zuen enplegua erregulatzeko espediente bat aurkeztuko duela eta Ororbiako (Nafarroa) lantegitik 103 langile kaleratzeko asmoa duela. Gaur egun, 900 inguruk egiten dute lan fabrika horretan. Kybsek % 60 murriztu ditu salmentak azken urtean eta «ezinbestekotzat» jo ditu kaleratzeak.

Bestalde, Berrimetal batu da aeronautikarekin lotura izan eta larri dabilen enpresen zerrendara. ELAk azaldu duenez, enpresako zuzendaritzak iragarri du itxi egingo duela Ermuko fabrika (Bizkaia), eta erregulazio espediente bat aurkeztuko duela, bere 27 langileak kaleratzeko. Berrimetal 1990. urtean sortu zuten, eta metalezko piezak leuntzen eta galdatzen ditu. 2008. urtean hasi zen aeronautikarentzat lanean.

Sindikatuak azaldu duenez, langileak kaleratzea lortzen badu, enpresako zuzendaritzaren asmoa da hartzekodunen konkurtsoa eskatzea, hartara, epaitegiek kaleratzeak atzera ez botatzeko. Zuzendarien «kudeaketa negargarriari» egotzi dio ELAk enpresaren egoera, eta aurpegiratu dio «ingeniaritza finantzarioa» egitea «beren erantzukizuna saihesteko». Berrimetalek hiru hilabeteko soldatak zor dizkie langileei.

Sektoreko enpresa handiago batean, ITP Aero Castingsen langileak ez daude amore emateko prest. Hilaren 7an, greba mugagabea hasi zuten, enpresaren jabeak, ITP talde aeronautikoak, 90 kaleratze abian jarri dituelako Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan (Bizkaia). Kaleratutako langileen zerrenda dagoeneko banatu du zuzendaritzak. Bikoteak, hogei urtez enpresan aritutakoak eta 50 urtetik gorako langileak daude zerrenda horretan.

Barakaldoko fabrikaren aurrean atzo egindako agerraldian, langileen ordezkariek gogorarazi zuten sektore aeronautikoak laguntza publikoak jaso dituela, eta horregatik uste dute gatazkan bitartekari lana egin beharko luketela Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak..

Langileek uste dute kaleratzeek ez daukatela justifikaziorik, aeronautikaren krisia aldi baterakoa soilik delako eta ez egiturazkoa, zuzendaritzak dioen moduan. Kaleratzeen ordez, «malgutasun neurriak» eskaini dituzte eskariaren jaitsierari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.