Krisi politikoa eragin du Italian preso anarkista baten gose grebak

Alfredo Cospitok ehun egun baino gehiago daramatza protestan. 30 urteko zigorra du

Mikel O. Iribar - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Giorgia Meloni lehen ministroaren Fdl Italiako Anaiak alderdiko diputatu baten eta Justizia ministrordearen dimisioak galdegin zituzten atzo PD Alderdi Demokratak, Berdeek eta Matteo Renzi lehen ministro ohiaren IV Italia Bizirik alderdiak. Oposizioak egozten dio Giovanni Donzelli eskuin muturreko diputatuari Alfredo Cospito buruzagi anarkistaren inguruko «isilpeko informazioa helburu politikoekin»zabaldu izana, Andrea Delmastro ministrordeak erraztutako datuak baliatuta.

Herenegun Diputatuen Ganberan egindako agerraldian, Donzellik esan zuen «mafia» Cospitoz baliatzen ari zela gobernua «bakartze egoera indargabetzera» behartzeko. Diputatuak gaineratu zuen, PDko hainbat diputatuk buruzagi anarkistari egindako bisitak iradoki zezakeela alderdia «terroristen alde» zegoela.

Protestak

30 urteko espetxe zigorra betetzen ari da buruzagi anarkista. Leporatzen diote 2012an energia nuklearreko gerente bat hil izana eta 2016an Polizia akademia baten aurkako atentatu bat egitea. Fiskaltzak bizi osorako kartzela zigorra eskatu zuen, baldintzapean aske uzteko aukerarik gabe. Cospitok ehun egun baino gehiago daramatza gose greban, 41bis izeneko bakartze erregimena kentzeko eskatuz. Sistema horren pean hilabetean bisita eta telefono dei bakarra jaso ditzake presoak, biak ere zaintzapean.

Bakartze erregimen hori 1992an sartu zen indarrean, mafiak Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileak hil ostean. Ordu hartan neurriaren helburua zen mafiako buruzagiei komunikazioak zailtzea, halako erasorik antola ez zezaten. Gaur egun, ordea, edonori ezar diezaiokete bakartze erregimena.

Astelehenean, Sardiniatik Milanera eraman zuten Cospito. Espetxeak berak zabaldutako osasun txostenaren arabera, preso anarkistak berrogei kilotik gora galdu ditu azken asteetan, eta, hain ahul dagoenez, kosta egiten zaio oinez ibiltzea. Azken egunetan ugaritu egin dira hura bakartze ziegatik ateratzeko eskariak, eta protestak ere piztu dira Italian nahiz nazioartean.

Italiako Gobernuak berretsi du ez diola zigorra murriztuko, eta, aldiz, segurtasun neurriak handituko dituela iragarri du. Anarkistek, berriz, manifestazio bat antolatu dute larunbaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.