Lehen aldiz, VWeko buruzagi bat akusatu dute isurketen auzian

Iruzurra eta beste lau delitu leporatzen dizkiote Martin Wintekorn kontseilari ordezkari ohiari

Martin Winterkorn, 2015eko martxoan, VWeko burua zenean. JOCHEN LUEBKE / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Iruzurra, lehia bidegabea, zerga iruzurra, agirien faltsutzea eta diruaren bidegabeko erabilera. Bost salaketa horiei aurre egin beharko die Martin Winterkorn Volkswagen taldeko kontseilari ordezkari izandakoak. Atzo jakin zenez, Winterkorn eta beste lau lagun formalki akusatu du Braunschweig hiriko fiskaltzak, diesel motor iruzurtien kasuan.

Lehen aldia da Alemaniako Justiziak WVeko buruzagi bat akusatu duela eskandalu horretan. Orain arte ingeniariei jazarri diete, haiek diseinatu zutelako ustezko iruzurra: software bat jarri zuten diesel motorretan, eta, haren bidez, motorrak antzeman zezakeen azterketa bat egiten ari zitzaizkiola; ondorioz, errendimendua jaisten zuen, nitrogeno oxidoaren isurketak gutxitzen zituen eta legezko mugak errespetatu. 2006tik 2015era erabili zuten, eta VWek berak onartu duenez, milioika autotan jarri zuten software tranpatia.

VWeko goi arduradunek guztiz ukatu dute iruzurraren berri zutela, baina, hala ere, Winterkornek kargua utzi zuen 2015eko irailean, eskandalua piztu eta egun gutxira. Akusazioek «erabat txunditua» zutela deklaratu zuen autogileko buruzagi nagusiak.

AEBetako agintariek eman zuten ustezko iruzurraren berri, eta 2018ko maiatzean iruzurraz eta konspirazioaz akusatuta dago Winterkorn herrialde hartan.

Iazko ekainean, Municheko Fiskaltzak Audiko kontseilari ordezkaria atxilotu zuen, Rupert Stadler. Lau hilabetez egon zen atxilotuta, ustez iruzurraren frogak desagerrarazteko arriskua zegoelako, baina gaur-gaurkoz ez diote deliturik leporatzen. Urriaren hasieran utzi behar izan zuen Audiren buruzagitza.

Braunschweigeko Fiskaltzaren arabera, auto enpresako arduradunek gutxienez 2014ko apiriletik zekiten iruzurra egiten ari zirela, baina ez zuten haren berri eman. Kontrara, beste software bat garatu zuten aurreko iruzurra ezkutatzeko.

Lehen epaiketak, aurten

VWek dagoeneko 30.000 milioi euro gastatu ditu iruzurraren ondorioei aurre egiteko, hala nola isunak ordaintzeko eta autoak ordezkatzeko. Horietatik 12.500 milioi dira AEBetako bezeroei kalte-ordainak emateko.

Dirutza horri nahiko aise erantzun ahal izan dio autogileak, lehen unean bere ospea orbainduta geratu arren ez dielako salmentei kalte handirik egin.

Eskandaluaren kostua are gehiago handituko da aurten, Alemanian lehen epaiketak egingo dituztelako VWeko ingeniarien aurka. Haietako 70en bat ari dira ikertzen Braunschweigeko eta Municheko fiskaltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.