Diesel motor trukatuen auzia itxi ahal izango du Daimlerrek. Stuttgarteko Fiskaltzak 870 milioi euroko isun bat ezarri dio Mercedes eta Smart marken egileari, isurketei buruzko araudia betetzen ez zuten 684.000 auto saldu zituelako. Auziak guztiz irekita jarraitzen du, berriz, akusatu nagusiarentzat, VW taldearentzat. Braun-chsweig hiriko Fiskaltzak akusazio formala aurkeztu zuen atzo VWeko hiru buruzagiren aurka, dieselaren iruzurraz berandu informatzeagatik. Herbert Diess taldeko oraingo burua, Martin Winterkorn aurreko arduraduna, eta Hans Dieter Poetsch zaindaritza kontseiluko presidentea dira hiru akusatuak.
Daimlerrek ontzat hartu du isuna, eta jakinarazi du ez duela haren aurkako helegiterik jarriko. Gainera, ziurtatu du isunak ez duela eragin handirik izango bere kontuetan, 1.600 milioi euro baztertuak dituelako dieselaren eskandaluaren kostuei aurre egiteko.
Volkswagenentzat jada 30.000 milioi euroko kostua izan du iruzurrak, eta gora egingo du, atzo jakinarazitakoarekin jada bi akusazio dituelako konpainiak: apirilean, Braunchsweigeko Fiskaltzak CO2 isurketak ezkutatzeaz akusatu zituen, VWeko buru ziren lau lagun, haien artean Winterkorn. Oraingoan, iruzurraren neurria ezkutatzea leporatzen diete.
2015eko irailean, AEBetan hasitako ikerketa baten harira, VWek onartu zuen software trukatu bat jarri zuela diesel motorreko ehunka mila autotan, haien gas isurketak faltsutzeko. Eskandalu horren ondorioz amildu da erregai hori erabiltzen duten autoen salmenta, eta isurketak kontrolatzeko sistema zorrotzagoak jarri dira indarrean.
Vestagerren auziak
Isurketekin izan beharrean, ordaindu beharreko zergekin arazoak izan dituzte beste multinazional askok. Haietako bik kontrako epaiak jaso zituzten atzo Europako Justizia Auzitegian. Batetik, epaileek indargabetu egin zuten Starbucks AEBetako kafetegi kateari 2015ean ezarritako zigorra, uste baitu ez dela frogatu Herbehereek tratu berezia eman ziotenik. Margrethe Vestager Europako Lehia komisarioak 30 milioi euro ordaintzera behartu nahizuen Starbucks, uste baitzuen legez kanpoko laguntza publiko bat zela hark Hagako gobernuarekin sinatutako zerga ituna.
Herbehereetako Gobernuak Lehia komisarioaren erabakiaren aurka egin zuen, eta halaxe egin zuen Luxenburgokoak ere, Vestagerrek leporatu zienean Fiat Chryslerren aldeko tratua egin zutela. Kasu horretan, ordea, komisarioaren ebazpena ontzat hartu du EBko auzitegiak. Italiako eta AEBetako enpresak, horrenbestez, 30 milioi euro ordaindu beharko dizkio Luxenburgori, atzeratutako zergetan.
Epaiak arreta handiz aztertuko dituzte Applek eta Irlandak, haien aurkako auzia baita handiena Vestagerrek lehia bidegabeagatik irekitakoen artean. Izan ere, Lehia komisarioak Apple behartu zuen Irlandako Ogasunari 13.000 milioi euro ordaintzera, uste baitzuen Dublinek laguntza eman ziola ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko. Joan den astean aztertu zuten Appleren eta Irlandako Gobernuaren helegitea.
Mercedesek 870 milioi euroko isuna pagatuko du isurketen auzia ixteko
VWeko buruak akusatu ditu fiskalak. EBko epaitegiak Starbucks errugabetu du, baina ez Fiat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu